«Eskubideen urraketak amaituta, denok irabazle», espetxeetatik hondartzetara jeitsi den mezua
Bakio, Laida, Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostiako hondartzetara presoak etxeratzeko aldarria eraman dute Etxeratek eta Sarek abuztuko lehenengo igande honetan. Elkarbizitza sustatzeko eskatzen dute, eta «denok irabazle ateratzeko».
Hamarkada batzuk bete ditu jada ekimen honek: abuztuko lehenengo igandearekin batera gehienetan, presoen eskubideen aldeko aldarrikapena euskal hondartzetara heldu da, bertakoei gogoratuz eta kanpotik etorritako udatiarrei egoeraren berri emanez. Aurtengo honetan sei hiri eta herritan burutu da: Donostia, Orio, Mutriku, Bakio, Laida eta Lekeitio. Eta egungo egoerara egokitutako mezua utzi dute bertan: «Dispertsioari amaiera ematea lortu genuen bide beretik lortuko dugu etxeratze prozesua bukaeraraino gauzatzea».
Berritasun gisa ere, lehendabiziko aldiz Sarerekin batera antolatu du Etxeratek ekimen hau, senideak biltzen dituen elkartea eta herritarrek osatutako sarearen arteko elkarlanean urrats berri bat emanez. Izan ere, «indarrak batzea ezinbesteko zaigu fase berri honetan».
Laidako hondartzako mobilizazioa Arketa atsedengunetik abiatu dute. Lehenik eta behin, Urdaibai Kantaguneak ‘Txoria Txori’ kantatu du. Ostean, bertan elkartu den jende mordoak txistu eta panderoen doinuekin kalejiran hartu du hondartzarako bidea, uretatik hainbat piragua lagun izan dituztelarik. Udako egun ezin hobea izanik, jendez lepo zegoen Laidako hondartza, baina manifestazioari bidea zabaldu diete eguzkipean kixkaltzen ari ziretenek.
Atsedengunera buelta egin dute, orduan, eta bertan jarraitu du ekitaldiak. Kantuz eman diote hasiera eta Koldo Gezuragaren eta Ibai Amillaren bertsoekin jarraitu. Ostean, adierazi dute Laidako hondartzan ez ezik, beste hainbatetan ere burutu dituztela gaurkoan ekitaldiak, urtero lez. Laidakoan, ordea, prentsa askatasunaren inguruan ere aritu dira. Izan ere, eskualdeko bizilaguna da berriki Polonian aske geratu den Pablo Gonzalez. Hura ere preso politikotzat hartu dute eta argi utzi nahi izan dute «Polonian kazetaritza delitua ez den moduan, Gazan ere ez» dela delitu, eta Israelek hildako kazetariak oroitu nahi izan dituzte.
Adierazpenetan, honakoa nabarmendu dute: «Herri honetan gertaturiko gatazkak utzi dituen ondorioen konponbidea beharrezkoa dela aldarrikatzeko elkartu gara». Baina ez aldarrikatzeko bakarrik, baita «euskal gizarteak aurrera egin behar duela eskatzeko» ere. Horrela, azpimarratu dute «beharrezkoa» dela «gatazkaren ondorioen konponbide prozesuari aterabidea ematea» eta «elkarbizitzari ateak irekitzeko unea dela».
Elkarbizitza eraikitzeko, sufrimendua amaitu
«Gatazkak utzitako hainbat ondoriok eragiten jarraitzen duen sufrimenduarekin eta injustiziarekin amaitu behar dugu», azpimarratu dute. Izan ere, argi utzi nahi izan dute elkarbizitza eraikitzeko ezinbesteko pausoa dela sufrimendua bukatzea, eta euskal herritarrak horren zain daudela: «Azken hamarkada honetan euskal jendarteak argi utzi du gatazkaren ondorioei aterabide osoa emateko duen prestutasuna».
Halaber, sufrimendu guztiekin amaitzeko beharra azpimarratu dute: «Preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko aterabidea eman, eta herri honetan bizitako biolentzia guztien biktimen mina aitortu». Zentzu horretan, egun indarrean dagoen eta zigorra eta, ondorioz, sufrimendua, «behar baino gehiago» luzatzen duen salbuespen legedia indargabetzea konponbiderako «behar» gisa aurkeztu dute.
Ildo honetan kokatu dute beren aldarrikapena, hitz batean laburbildua: «Etxera». «Bakio, Laida, Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostiako hondartzetatik ‘etxera’ aldarrikatu nahi dugu, Euskal Herri zabaletik ‘etxera’ aldarrikatu nahi dugu, zinez pentsatzen dugulako badela garaia». Aldarrikapen izatetik errealitate izatera igaro dadin nahi dute, «denon lorpena». Izan ere, argi dute aurrerapauso horrek jendarteari mesede egingo diola: «Denok pozik sentiaraziko gaitu, denok irabazle egingo gaitu».
Honetan sakonduz, «bai, denok gara irabazle eskubideen urraketa bukatzen denean; denok gara irabazle salbuespen eta mendeku politikak bukatzen direnean; denok irabazten dugu ekuazio politikotik kanpo sufrimendua uzten dugunean» adierazi dute. Sei hondartzetan batu diren ehunka lagunek aldarria ozen eta argi bota dute, eta eskatu dute «atea zabalik» uzteko «elkarbizitzaren agertokietara, memoria inklusiboaren agertokietara, berriz elkartzeko agertokietara».
Udako kanpainaren barruan sartzen da jada ibilbide luzea duen hondartzetako mobilizazio hau. Horren barruan hurrengo geltokia Gasteiz izango da bihar astelehenean: 20.30tan Ama Zuriaren Enparantzatik abiatuta, ‘Etxera’ aldarrikapena ozen entzungo da berriz bertako jaien egun nagusian.