Gaelikoa egoera «arriskutsuan» dago Eskozian, arnasguneak galeran
Edinburgoko Parlamentuko Hezkuntza Batzordeko kideek Gaelikoa eta eskoziar hizkuntzak egoera «arriskutsuan» daudela ondorioztatu dute. Ezagutza gora doa, baina erabilera behera eta, arnasguneetan bizitzeko zailtasunak medio, hirietan galtzen da eskoziar hizkuntzen erabilera.
Eskoziar gehienek bere egiten dute Eskoziako gaelikoa, baina folklorearekin, historiarekin eta kulturarekin lotuta. Ez dago eginbide argirik horren erabilera hauspotzeko eta inor gutxirentzat da hori lehentasuna. Herritarren %0,1ek soilik dauka gaelikoa hizkuntza nagusitzat.
70eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Eskozian gaelikoa mantentzeko eta biziberritzeko ahaleginek bultzada eta gorakada berria hartu dute, nahiz eta hizkuntzak demografiari dagokionez gainbeheran jarraitu duen.
Nahiz eta Gobernuak azaroan bertako hizkuntza nazionalak bultzatzea helburu duen lege-proiektu berri bat aurkeztu, Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak ebatzi du litekeena dela legeriaren helburuak ez lortzea eta gaelikoa eta eskoziera «arriskuan» daudela.
Batzordeko legebiltzarkideek «gehiago egiteko» eskatu diote Exekutiboari, legeriak «edozein alde esanguratsu markatu ahal izateko, sinbolikoa izan beharrean».
Komiteak uste du gehiago egin behar dela hiztunei presaz laguntzeko, hizkuntzak komunitate-hizkuntza gisa aurrera egingo duela ziurtatzeko.
Eskoziako 2022ko erroldan, herritarren %0,1ek soilik adierazi zuen gaelikoa zela bere hizkuntza nagusia. Inkesta berean, hiru urte edo gehiagoko pertsonen %2,5ek gaelikoari dagokionez trebetasun batzuk zituztela adierazi zuten. Kategoria horretako pertsonen kopurua 130.161era igo zen, 2011ko erroldaren aldean 43.100 pertsona gehiago.
Gaelikoaren joera gero eta kontraesankorragoa da Eskozian. Hizkuntzari ematen zaion laguntza publikoa, gobernu-finantzaketari, erakunde-hornikuntzari eta eskoziarren aldeko jarrerei dagokienez, ez da inoiz handiagoa izan, baina hizkuntzak ahultzen jarraitu du hiztun-kopuruari eta erabilera mailari begiratuta; izan ere, gaur egun ia ezin da esan hizkuntza komunitario gisa funtzionatzen duenik inon.
Arnasguneak arriskuan
Urteotan SNPk ez du politika integralik garatu; han eta hemen eskola gutxi batzuk ireki ditu. Horren ondorioz, hizkuntza ezagutzen dutenen kopurua hazi da. Erabilera, aldiz, behera doa. Izan ere, arnasgune diren eremuetan, Highlands eskualdean, adibidez, erabilera %51tik %44ra jaitsi da.
Gauza bera esan daiteke mendebaldeko irlen inguruan, non lehen aldiz, azken datuen arabera, gaelikoaren erabilera ingelesaren azpitik dagoen.
Testuinguru honetan, biziraupenerako bide nagusia arnasgune horietan dauka gaelikoak, egunerokoan hizkuntza erabiltzen duen komunitate txikian. Bertako biztanleek lurralde eta gizarte politiken gabezietan jartzen dute hizkuntza galeraren arrazoia. Kexu dira ez dutelako etxebizitzarako eta lanerako aukerarik; behin eskola bukatuta hirietara ihes egin behar eta gaelikoarekin duten harremana galtzen dute.
Kate Forbes lehen ministrordea da eskoziar Exekutiboan gaiaren ardura duena. Parlamentarien txostena ezagutu ostean, baieztatu zuen legerian egindako aldaketek gaeliko hiztunen kopurua nabarmen handitzea ekarriko duela.
Lege-proiektuak hizkuntza nazional eskoziarrei ofizialtasuna ematea proposatzen du, baldin eta eremu horretan hiztunen proportzio handia badago, erdi mailako hezkuntzan ematen bada edo arloa historikoki hizkuntzaren erabilerarekin lotuta badago. Era berean, «hezkuntza gaelikoa sustatu, erraztu eta babesteko» betebeharra ezartzen dio Gobernuari.
Argitasun falta
Hala ere, gaelikoari eta eskoziar hizkuntzei estatus ofiziala emateak «eragin praktiko mugatua» duela dio batzordeak (2005etik da ofiziala). Lantaldearentzat «ez dago argi» «praktikan» hizkuntza-garrantzia duen eremu bat eskaintzen duenik.
Sue Webber Hezkuntza Batzordeko bozeramaileak modu honetan azaldu zuen txostena: «Kezka handiak ditugu gaelikoaren etorkizunari buruz. Uste dugu eskoziar hizkuntzen lege-proiektuak ez diela aurre egiten gaelikoak dituen erronkei, eta ez diela behar besteko laguntzarik ematen gaelikoari edo eskoziar hizkuntzei».
Webberrek gaineratu zuen ez dagoela argi «lege-proiektu honi atxikitako betebeharrek erakunde publikoentzat eta tokiko agintarientzat gaelikoari eta eskoziarrei dagokienez zer esan nahi duten.