INFO

Odola, dirua eta botere gosea

THOSE ABOUT TO DIE
AEB, 2024. 10 atal. Zuzen.:
Robert Rodat Roland Emmerich, Marco Kreuzpaintner. Akt.: Anthony Hopkins, Dimitri Leonidas, Jojo Macari Iwan Rheon, Eneko Sagardoy. Gidoia: Robert Rodat, Jill Robi. Musika: Andrea Farri Plataforma: Prime Video.

Eneko Sagardoy ‘Those About to Die’ telesailean Andria pertsonaia gorpuzten. (Peacock)

Urte bukaeran iritsiko den ‘Gladiator 2’ filmaren itxaronaldia arintzeko proposamena izan daiteke honakoa. Gladiatoreen bizitza eta inperioaren azpijoko politikoak oinarri dituen ‘Those About to Die’ telesailaz ari naiz.

Erroman girotzen da 79.urtean. Erromatar Inperioko hiri boteretsu eta aberatsenean, herritarrak kontrolpean mantentzea ez da lan erraza. Hiriko biztanleak gero eta asaldatuago daude gurdi-lasterketen gorakadaren ondorioz; entretenimendu-modu berri bat zeinetan odola, dirua, botere-gosea eta ustelkeria nagusi diren. Circus Maximus delakoaren barruan, lasterketak, aristokraziako lau agintarik kontrolatzen dituzte, fakzio Urdina, Gorria, Zuria eta Berdea bezala ezagutzen direnak. Herriak entretenimenduarekiko duen zaletasuna areagotu ahala, borroketarako estadio bat eraikiko dute: Koliseoa.

Aktoren artean izen ezagunena Antonhy Hopkins den arren, guretzat askoz bereziago den bat topatuo duzue, Eneko Sagardoy-rena hain zuzen ere. Xole Aramendiri NAIZ-en emandako elkarrizketan zera aipatu zuen: «Ikaragarria izan da! Ia urte guztia, zortzi hilabete, bertan pasa nuen filmaketan. Izugarria izan zen. Alde batetik, Hollywoodeko superprodukzio bat Erroman. Horrek suposatzen duen guztiarekin baliabideen aldetik. Jende piloa, animalia piloa, diru piloa... Urteko serierik garestiena da mundu mailan! Sinesgaitza den sentsazioa duzu. Eta are sinesgaitzagoa da gero errodajean lana betikoa dela. Hor ez da ezer aldatzen. Pertsona gehiago dituzu zu eta zuzendariaren artean, baina lana berdina da. Erronka izan da ingelesez hitz egitea –hasieran beldurra neukan, ez da zure hizkuntzan lan egitea, baina balio izan dit segurtasuna lortzeko–, inork ezagutzen ez nuen proiektu batera sartzea... aspaldi ez zitzaidan gertatzen azken hau. Eta beste herrialde batean bizitzea hainbeste hilabetez. Asko ikasi dut, asko disfrutatu».