INFO

Kaleko saltzaileen aurkako polizia-operazioa Bilboko Areatzan, Aste Nagusiaren atarian

Aste Nagusiko jaigunea atontzeko lanetan dagoen Bilboko Areatzan Udaltzaingoak eta Ertzaintzak kaleko saltzaileen aurka egin duten operazio bortitza salatu dute sareetan.

Este navegador no soporta el elemento video.


Bilboko Aste Nagusia hasteko hiru egun baino falta ez direla, dena prestatzeko ahalegin bete-betean dira konpartsak Areatzan. Bada, lan horiek tarte batean eten behar izan dituzte asteazken honetan, ertzain eta udaltzain ugari agertu baitira inguruan zebiltzan kaleko saltzaileak jazartzera.

Hala salatu du, esaterako, Bilboko Sortuk X sare sozialeko bere profilean, «manteroen aurkako eraso berri bat» gaitzetsiz: «Manteroak gogor jazarri eta inguruko herritarren aurka oldartu dira».

Gizon baten atxiloketa erakusten duten irudiekin batera, Sortu Bilbok jazotakoa «onartezina» dela nabarmendu eta isilik ez geratzera dei egin du: «Herritarrok antolatuta erantzun dezagun!».

Bilboko LABek ere Areatzakoaren berri eman du X sare sozialean, herritarren erantzuna nabarmenduz.

Beste erabiltzaile batzuek ere argitaratu dituzte antzeko bideoak.

Bide ofizialetatik ez da momentuz ezer jakinarazi, Bilboko Udalak, Udaltzaingoak, Ertzaintzak edota Segurtasun Sailak ez baitute oharrik kaleratu edo adierazpenik egin gertatutakoaren inguruan.

Aurrez ere egonak dira Bilbon kaleko saltzaileen aurkako halako sarekadak, iragan apirilean Plaza Biribilean jazo zena, esaterako.

Iazko ekainean Alde Zaharrean izan zen beste batean, adibidez, herritarrek babestu zituzten kaleko saltzaileak, polizien jarrera deitoratuz.