INFO

Venezuelan hauteskundeak errepikatzearen alde agertu dira Lula eta Petro

Venezuelan bozak berriro egitearen alde hitz egin dute azken orduotan Brasil eta Kolonbiako presidenteek, baina ez dirudi aukera horrek gehiegi erakartzen dituenik ez Nicolas Maduro eta ez oposizioko hautagaia ere. Azken honek «trantsizioa» onar dezala eskatu dio presidente berrautatuari.

Nicolas Maduro eta Lula da Silva, artxiboko irudi batean. (Federico BRASIL | EUROPA PRESS | CONTACTO)

Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionalak Nicolas Maduro bozen irabazle jo bazuen ere, botoen %52arekin, krisia apaltzetik urrun dagoela ematen du oraindik. Egoera baeretzeko ahaleginean, Brasilgo eta Kolonbiako presidenteek hauteskunde berriak egiteko aukera planteatu dute azken orduotan.

Izan ere, Madurok Gorte Gorenaren esku utzi du afera, baina horrek ez ditu isildu kanpotik «gardentasuna» eskatzen duten ahotsak. Carter Zentroak edota Nazio Batuen Erakundeak ere ez dute emaitza baliozkotzat jo.

Ildo horretan, Lula da Silva agintari brasildarrak bozak errepikatzea planteatu zuen elkarrizketa batean, «hautagai guztien parte-hartzearekin (...) eta mundu osoko behatzaileei hauteskundeak ikusten uzten».

Ildo beretik, Petrok «hauteskunde libre berriak» eskatu ditu, «ekintza politikoari berme osoa emateko» eta AEBk Venezuelaren aurka jarritako «zigor guztiak kentzeko».

Maduroren erantzuna

«Guk ez dugu mikrofono bidezko diplomazia praktikatzen», erantzun zion Madurok Petrori. «Ez dut inoiz esango: ‘Kolonbia, zure Gobernuak hau egin behar du’ eta ez dut nire sare sozialetan halako gomendiorik argitaratuko, ez. Presidente bakoitzak badaki, Estatu bakoitzak, herrialde bakoitzak, zer egin behar duen bere barne-arazoekin».

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak, bere aldetik, azpimarratu zuen «erabat argia» dela Edmundo Gonzalez Urrutia oposizioko kidea garaile atera zela hauteskundeetan, Joe Biden presidenteak hauteskunde berriak babesten dituela zioen iruzkin batean.

«Nik erabat arbuiatzen dut Estatu Batuetako gobernuak Venezuelako hauteskunde-agintaritza bihurtu nahi izatea», ihardetsi zion Madurok.

Mexiko ere protagonista izan zen ekimen honetan, baina apurka-apurka distantzia markatzen hasi zen, Venezuelako Gorte Gorenaren epaiaren zain.

Oposizioa ere ez dago alde

Nolanahi ere, bozak errepikatzeko proposamenak ere ez du oposizioa asebete. Lula eta Petroren planteamenduaren aurrean, «uztailaren 28an gertatutakoa aintzat ez hartzea errespetu falta» dela azpimarratu du Maria Corina Machado oposizioko buruak.

«Venezuelak egonkortasun, oparotasun eta bake etorkizun bat merezi du, baina hori lortzeko ezinbestekoa da herriaren borondatea errespetatzea eta trantsizioa ahalbidetzea», esan zuen, bere aldetik, Gonzalez Urrutiak.