Donostiarrak bere sasoi ona berretsi du Zarauzko ikurrina preziatua irabazita
Azken luze zinez ikusgarrian, Donostiarrak zazpi segundo atera dizkio Urdaibairi, denboraldiko lehendabiziko bandera astintzeko. Kaiarribak bere sasoi ona berretsi du garaipen honekin. Lehia zirraragarria eskaini dute donostiar zein bermeotarrak eta azkenean Kaiarribak atzoko denbora irauli egin du.
«Klub honen historian lortutako garaipen handiena da», adierazi du Igor Makazaga Donostiarrako entrenatzaileak, Zarauzko ikurrina irabazi berritan. Sekulako garaipena eskuratu du Kaiarribak, Urdaibairekin parez pare lehia zinez ikusgarria eskainita. Brankan ‘Bou Bizkaiak’ jaten zion denbora, poparean handitzen joan da Donostiarra eta azken luze zirraragarrian, Arkaitz Diaz patroiak erakutsitako nortasunak bere saria izan du.
Istriborrera egin du, laugarren kaletik bigarrengoraino, Urdaibairi desafioa onartuz. Parez pare egin dituzte azken metroak, larunbateko lau segundoko errenta horri buelta eman edo ez zalantza zegoela. Ongi atera zaio estrategia eta azken asteetako sasoi ona emaitza ederrarekin berretsi dute: Zarauzko ikurrina astinduta, denboraldiko lehendabizikoa, sasoi latz bati kolore apur bat jarrita, Egoitz Orbegozo une oro gogoan izan dutela. «Ioritz aurten pasatzen ari dena... hau bere anaiarentzako da», esan du Joxe Leibar arraunlariak, emozioari ezin eutsita.
«Aurretik joatea kosta egiten zaigu, Urdaibaik esperientzia gehiago dauka, ohitua dago irabaztera baina gaur ongi eutsi diogu», azaldu du Leibarrek, bere garaipen preziatuena barneratzen ari zela. «Hasieran kosta egin zitzaigun, ez gure arraunketarengatik, baizik eta emaitza onak ihes egiten zigutelako; orain hasi gara emaitza onak pilatzen eta irailean datorrenerako oso ondo datorkigu», onartu du.
Izan ere, atzetik aurrera egin du Donostiarrak denboraldi honetan. Seigarren estropadaraino soilik behin bukatu zuen podiumean –hirugarren, A Coruña Hiriko banderan, lehen jardunaldian– eta ordutik, Galiziako bigarren irteeratik, apenas jaitsi da lehendabiziko hiru postuetatik. Jardunaldi askotan borrokatu du bandera baina Zierbena edo Urdaibai gurutzatu dira bere bidean, Zarautzen, azkenean, nortasuna erakutsita, garaipena eskuratu duenera arte.
Brankan, lehen luzean, denbora berdina egin dute Kaiarribak eta Bou Bizkaiak eta bigarren ziagobarako sei segundoko errenta lortu dute donostiarrek. Laura murriztu ditu aldeak brankan Urdaibaik baina berriro, poparean –orain arte bermeotarren indargunea–, Donostiarrak aldeak handitu ditu, zazpi segundoraino. Gakoa izan da istriborrera egindako aldaketa, Bou Bizkaiak lehen kaletik jarraitzen zuen bitartean. Batek olatua, besteak ere bai, hiru eta bi segundoko aldea, azken metroetan, korronteak askatu, Urdaibai bertan kateatu eta Donostiarra airean helmugaratu den arte.
Kaleen arteko dantzak ere izan du bere garrantzia bigarren jardunaldi honetan eta modu honetan, Orio bigarren txandan nagusituta eta Lekittarra, lehendabizikoan, Zierbenaren aurretik helmugaratu dira. Isuntzak larunbatean galdutako puntuak berriro berreskuratu ditu, sailkapenaren erdialdean sendotzeko eta galipoek, ordea, bigarren postuko sendotasuna ahulduta utzi dute Zarautzen. Sailkapen nagusian bigarren jarraitzen dute baina Donostiarrak sei puntu jan eta bederatzira jarri da.