INFO

«Errespetua» eskatu dute txirrindulari gipuzkoarrek, Euskadiko txapelketaren atarian

Arrazolako I. emakumeen saria lehiatu da Atxondon, Euskadiko txapelketaren egutegiaren baitan. Lasterketa hasi aurretik, txirrindulari gipuzkoarrek «errespetua» eskatu dute, Gipuzkoan lasterketak antolatzeko dauden arazo administratiboengatik. Federazioko zuzendaritzak dimisioa eman zuen.

Jubenil eta 23 urtez azpiko Gipuzkoako txirrindulariak, Federazioko maillotarekin. (NAIZ)

Arrazolako I. Emakumeen Saria lasterketa hasi aurretik –Euskadiko txapelketen egutegiaren baitan jokatu dena– gipuzkoar txirrindulariek «babesa eskaini» die Gipuzkoako Federazioan lanean aritu direnei eta era berean, beraientzat «errespetua» ere eskatu dute. Pelotoian nagusi dira gipuzkoarrak eta orain arteko txirrindulari egutegian ere, Gipuzkoan antolatutakoak dira lasterketa gehienak: «Tristea da lan gehien egiten den lekuan, oztopo gehien egotea», esan dio NAIZi Santi Osorok, Gipuzkoako Federakuntzako orain arteko presidenteak.

Azken urteetan eztanda egin du Gipuzkoako txirrindularitzaren egoera kaskarrak. Urteak ziren lasterketak antolatzeko oztopoak jasan eta hauek bizkar gainean pilatzen joan direla baina aurreko urtetik, hari fin batean tenkatuta zegoen egoera.

Herrialdeko Trafiko Zuzendaritzaren aldetik jasotako etengabeko oztopoekin nazkatuta eta Lakuako Gobernuaren babes falta sentituta –oinarrizko txirrindularitza babesteko konpromisoa hartu zuten talde parlamentario guztiek, aho batez–, Gipuzkoako Federakuntzako kide guztiek dimisioa aurkeztu zuten pasa den hilabetean. Ordutik, ez dago berririk eta egoerak bere horretan dirau. Irailera bitarteko lasterketen antolakuntzan lagunduko du zuzendaritza talde zaharrak baina ordutik aurrera egin beharrekoak –ziklo kross, pista eta eskola kirolekoak– ez dituzte beregain hartuko.

Aretxabaleta eta Elgoibarko abuztuko lasterketa historikoak –biek dituzte 75 ediziotik gora– antolatzeko topatu dituzten trabek bete zuten goraino euren pazientziaren ontzia, gainezka egiteraino. Aurten egutegia betetzeko gabeziak ere nabarmenak ziren urtea hasi aurretik eta 2023. urteko lasterketen antolakuntza oso gorabeheratsua izan zen. Aiztondo Klasikoa bezalako lasterketa garrantzitsu bat bertan behera geratu behar izan zen eta egutegia bere horretan mantendu bazuten ere, orduko konponbidea «partxe» bat izan zela agerian geratu da.