INFO
Entrevista
Usua Lasa
LABen Industria arduraduna Gipuzkoan

«Kaleratutako Rezolako langileentzat ez dago bermerik; bertan gelditzen direnentzat ere ez»

Cementos Rezolako 56 langileri eragingo die Heidelberg Materialsek martxan jarriko duen Lan Erregulaziorako Espedienteak eta greban dira beharginak. Usua Lasa LABeko ordezkariak deskarbonizazio prozesua aitzaki bat dela dio, zuzendaritzak enpresa progresiboki ixteko asmoa izan dezakeela dio.

Usua Lasa LABeko ordezkaria, Cementos Rezolako beharginek egindako protesta batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Langileen opor garaia hasteko unea aukeratu zuen Heidelberg Materials enpresak Añorgako Cementos Rezolako fabrikan 56 langileri eragingo dien Lan Erregulaziorako Espedientea martxan jarriko zuela jakinarazteko. Deskarbonizazio prozesu bati ekiteko beharra argudiatu zuen taldeak eta, ondorioz, Añorgako lantegiko labe bat gelditu behar zela esan zuen. Hau jakin ostean, ELAk eta LABek osatutako enpresa batzordea negoziatzen hasi zen eta ekainaren 28an ekin zioten grebari langileek.

Elkarrizketak, ordea, antzuak izan dira. Negoziaketen epea amaituta, Heidelbergs Material enpresak espedientea aplikatzeko asmoa berretsi du Gipuzkoako Lan eta Gizarte Segurantzako Lurralde Ordezkaritzan eta, langileek, beraz, grebari eustea erabaki dute. Usua Lasa LABen Gipuzkoako industria arduradunak NAIZ Irratian azaldutakoaren arabera, negoziaketa berriak espero dituzte orain, eta akordioak iritsi nahi dituzte.

Aukera galdua

Orain arteko negoziaketek hainbat fase izan dituztela azaldu du Lasak. Enpresa batzordeak hasieratik egin du bat deskarbonizazio prozesuaren beharrarekin. Norabide horretan, batzordetik proposamen bat baino gehiago ondu direla azaldu du LABeko kideak, baina enpresaren asmoak eta nahiak bestelakoak direla ohartarazi du. Are, salatu du zuzendaritzak negoziatzeko borondaterik ez duela inoiz izan.

Lasaren arabera, Rezolan aukera bat galdu da. «Enpresak berak onartzen du etorkizun baten karbono arrastorik gabeko porlana ekoiztu beharko duela eta horretarako instalazioak egokitu beharko dituela, langileak formatu...», agertu du.

Hain justu, egiteko horiei ekitea eta lanpostuak behar berrietara moldatzea ziren batzordeak egindako proposamenen funtsa. Sindikatuko ordezkariaren esanetan, ordea, Heidelberg Materialsek ez du deskarbonizazio prozesu integralik proposatzen. Hala, Añorgan produkzio labe bat geldituko duela erabaki badu ere, clinkerra –zementuaren lehengai nagusia– ekoizten jarraituko du merkeagoa den lekuetan, zehazki, Arrigorriagako lantegian. «Clinkerra kamioietan ekarriko dute. Kutsadura eta CO2 isuriak berdin-berdin egongo dira», gaitzetsi du Usua Lasak.

Gainera, Añorgako lantegiko etorkizuna bera ere zalantzan dago. 100 urtetik gorako instalakuntzak dira eta, beraz, ekoizten jarraitzeko berrikuntza lanak behar dituzte. Enpresak 32 milioi euroko inbertsio bat aurreikusten du Añorga zein Arrigorriagako fabriken deskarbonizaziorako, baina inbertsio hori ez dagoela bermatua zehaztu du LABeko ordezkariak: «Susmoa dugu ea hau ez ote den izango faszikulutan egingo den itxiera bat».

«Orain kaleratutako Rezolako langileentzat ez dago bermerik, baina bertan gelditzen direnentzat ere ez», ohartarazi du LABeko ordezkariak.

Borondate «erlatiboa»

Oraindik ez da kaleratzerik gauzatu Rezolako lantegian eta abuztuaren 31an hasiko direla espero dute langileek. Enpresak kaleratzeak soilik 4 direla esan arren, espedienteak 56 lagunpostu suntsituko dituela azpimarratu du Lasak.

4 kaleratzeez gain, 16 langileri aurrejubilazio plan bat eskaini die. Hamar bat kasutan, gainera, aurrez adostuta bazeuden ere, espedientearen ondorioz baldintza kaxkarragoetan emango dira. Borondatezko irteerak, 26 birkokatze eta 10 lekualdatze (Arrigorriagara) dira gainontzeko kasuak. Hain justu, langileen borondatea «erlatiboa» dela zehaztu du Lasak: «Borondatez aurkeztu diren langileek aukera gutxi zuten enpresaren erabakiaren aurrean. Kalera bidaliko zituzten berdin-berdin, baldintza hobeetan edo okerragoetan egitea erabaki behar zuten».

Grebari eutsiko diote

Azken asteetan hainbat mobilizazio egin ditu enpresa batzordeak, Lan Erregulaziorako Espedientearen berri izan zuenetik, eta aurrerantzean ere grebari eutsiko diote. Langileentzako «kolpe gogorra» izan dela aitortu du Lasak eta «nekea handia» dela, baina jasotako elkartasun keinuekin oso eskertuta daudela gaineratu du. Aste Nagusian murgilduta dago Donostia eta jai giroan ere entzun dira Rezolako langileen aldarriak. Esne Beltzak Saguesetik eta Zopilotes Txirriaos La Flamenkatik, elkartasun hitzak esan zituzten oholtzatik.