INFO

Indarkeria matxista: Bost gizonezko atxilotuta Ondarroa, Tutera, Iruñea, Donostia eta Gasteizen

31 urteko gizonezko bat atxilotu dute Ondarroan, osasun zentro batean lankide bati ukituak egitea leporatuta. Tuteran, aldiz, 30 urteko bat atxilotu dute, bikotea erasotzeagatik. Eta Iruñean beste bat, bikotekide ohia jotzeaz gain ume bat eraman nahi izateko akusaziopean.

Eraso matxisten aurkako mobilizazioa, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Indarkeria matxista dela eta, bost atxiloketen berri eman dute Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Araban azkeneko orduetan.

Ertzaintzak Ondarroako osasun zentro bateko langile bat atxilotu du emakume bati sexu erasoa egiteagatik. Ukituak egin zizkion, iradokizunak egin ondoren, baina emakumeak, bertako langilea ere, uko egin zion.

Erasoa igandean izan zen, 10:30ak aldera, Ondarroako osasun-zentro batean, non gizonak emakumea jazarri egin zuen. Biktimak uko egin zion erasotzailearen iradokizunei, eta ukituak egin zizkion bularretan eta ipurmasailetan.

Erasoaren aurrean, biktimak alde egin zuen eta Ondarroako ertzain etxera joan zen salaketa jartzera. Polizia patruila bat osasun-zentrora joan zen erasotzailea, 31 urteko gizon bat, atxilotzeko. Atxilotua ertzain etxera eraman zuten, beharrezko eginbideak egiteko.

Tuteran, berriz, Udaltzaingoak 30 urteko gizon bat atxilotu du genero-indarkeriako delitu bat egotzita, 23 urteko bikotekideari eraso egiteagatik. Atxilotua Foruzaingoaren egoitzara eraman zuten igande honetan, eta han ziegetan sartu zuten, zaintzeko eta epailearen esku utzi arte.

Iruñean beste gizonezko bat eraman du Foruzaingoak, bikotekide ohiaren etxera sartu, erasotu eta neskato bat eraman nahi izateko akusaziopean.

Emakumezkoa osasun-etxean artatu behar izan zuten, besoetan zauriak zituelako. Lau delitu egotzi zaizkio gizonari.

Donostian ere gizonezkoa bat atxilotu du Ertzaintzak, 20 urtekoa kasu honetan, diskoteka baten kanpoaldean emakume bati gehiegikeriak egiteagatik eta gainera kartera lapurtzeagatik. Igandeko ordu txikietan gertatu zen hau, 5ak aldera.

Gasteizkoari dagokionez, bikotekideari jo eta mehatxu larriak egiteagatik atxilotu dute gizon bat. Hilaren 16an jazo zen erasoa, zenbait lekukoren aurrean. Udaltzaingoak burutu du atxiloketa.