INFO

Irailaren 8an Donostia «gazte independentistez betetzeko» deia, Bilboko jaietako gazte egunetik

Bilboko Aste Nagusiaren baitan, jai giroa momentu batez alde batera utzi eta Arriaga parean elkartu dira ehunka gazte. Ernaik irailaren 8rako Donostian antolaturiko mobilizaziora dei egitea izan dute helburu Bizkaiko Gazte Eguna ospatzen ari zirenek.

Bizkaiko gazte egunean Donostiako mobilizazioan parte hartzeko deia. (Oskar Matxin | FOKU)

Astearte honetan ari dira Bizkaiko Gazte Eguna ospatzen Bilbon, ehunka lagun elkartu dira eta arratsaldea deialdi bat zabaltzeko baliatu dute: irailaren 8an Donostian egingo den mobilizaziorako deia. Ernai gazte antolakundeak deituriko mobilizazioa da, ‘Bat eginez independentziara!’ lelopean egingo dena.

Egun osoko egitaraua zuten prestatuta Bizkaiko gazteek, eguerdian elkartu dira eta Kaskagorriko txosna parean bazkaldu dute. Aurtengoan eguzkia lagun, zapi urdina eta eguzkitako horiak izan dira bazkaltzen zeuden gazteen atrezzo nagusia. 

Bazkaloste akustikoaren ondoren, Arriaga Plazan elkartu dira gazteak, hainbat konpartsetako kideak tarteko. Mobilizazioaren jatorria gogoratu dute lehendabizi, Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren espetxeratzeak salatzeko egindako ekimenen ondorioz jasotako zigorra. Mozal legearen bidez 133 gazte izan dira zigortuak, 1.400 eta 2.500 euro bitarteko isunekin, osotara 290.500 euroko zigor ekonomikoa dutelarik. Bilboko 24 gazte egoera horretan daudela jakinarazi dute.

 

Kaskagorri parean egin dute Bizkaiko gazte eguneko bazkaria ehundaka gaztek.
Kaskagorri parean egin dute Bizkaiko gazte eguneko bazkaria ehundaka gaztek. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)


«Egun antolakundeak ez du isunek suposatzen duten koste ekonomikoari aurre egiteko nahikoa baliabide», baieztatu dute eta gogoratu diru bilketa jada abian dutela. Bestalde, gazteek ez dute uste «ausaz» emandako zigorrak direnik, «Ernaik gero eta babes zabalagoa duen une batean» baizik. Eta gazteria independentistaren aurkako «eraso antidemokratiko bat» izan dela salatu dute.

«Gero eta gehiago gara»

Bestalde, isunen helegitea jada aurkeztu zutela gogoratu dute: «Honen bidez, Segurtasun Sailaren desproportzionalitatea eta arbitrarietatea salatuko ditugu». Eta azkenik, irailaren zortzian kalean «erantzun irmo bat» ematea «ezinbestekoa» dela nabarmendu dute.

«Operazio honen bitartez helburu zutena lortu ez dutela erakusteko zita izango da irailaren zortzikoa. Gero eta gehiago gara etorkizunari begira independnetziaren alde lerratzen garen gazteak, gero eta gehiago Euskal Herri askearen aldeko borrokan bat egiten dugunak», zehaztu dute.

Amaitzeko, irailaren zortzian kaleak gazte independentistaz betetzeko deia egin dute. Oraindik egun (eta gau) luzea dute aurretik ordea Bilbon elkartutakoek. Elektrotxarangaren laguntzan abiatu dira Bizkaiko hiriburuko kaleetan barrena, eta 21.30etan egingo dute ekitaldia Kaskagorrin. Ondoren, urtero legez, kontzertuek emango diote amaiera gauari.