INFO

Aste Nagusian izaten ari diren eraso matxisten aurrean «alarma piztu» dute Bilboko Konpartsek

Bilboko Konpartsek Aste Nagusian ematen ari diren eraso matxistak salatzeko elkarretaratzea egin dute. Federaziotik kanpo dagoen txosna batean jazotako eraso bat ere artatu behar izan dute eta manifestazio feministan probokazioak jaso zituztela adierazi dute.

Arriaga Antzokiaren aurrean egin dute elkarretaratzea. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Alarma piztu nahi dugu eta altu esan nahi dugu ez dugula erasotik onartuko», irmo mintzatu dira Bilboko Konpartsen izenean Irati Sienra eta Zaloa Aras. Azken egunetan hainbat erasoren berri izan dutela eta, elkarretaratzea egin dute Arriaga Antzokiaren aurrean eta gauerdian kazerolada egingo dute txosnetan. Elkarretaratzean izan dira Itziar Ituño pregoilaria eta Nagore Ugarte txupinera, Marijaiarekin batera.

Erasoak deitoratzeaz gain, indarrean duten protokoloaren eraginkortasuna azpimarratu nahi izan dute, besteak beste, txosnagunetik kanpo, hots, federaziokoa ez den txosna batean gertatutako eraso bat ere kudeatu dutelako: «Horrek esan nahi du erreferentea garela babesa eta laguntza bilatzeko orduan, hau da, Areatzako txosnagunea leku segurutzat jotzen da».

Halaber, kezka agertu dute jaiak hasi eta gutxira dagoeneko asko direlako mahai gainean dituzten erasoak. Gizonek burututakoak dira denak, bereziki intentsitate desberdinetako jazarpen sexual kasuak izan direlarik, Konpartsek jakitera eman dutenez.

Horrez gain, manifestazio feminista egin bitartean «probokazioak» jasan zituztela salatu dute. Jai giroa «nolabait tentsionatuta» dagoela nabaritu dute konpartsakideek eta, ildo horretan, erasotzaileek haien etxeetan geratzeko gonbita luzatu diete: «Jakin ezazue ez zaretela ongi etorriak izango».

Bilboko Konpartsek gogorarazi dute «guztion erantzukizuna» dela erasoei aurre egitea eta jai giro osasuntsu eta segurua sortzeko lanean jarraitzeko konpromisoa agertu dute.