Marijaiak eta Zirkuak erietxeko egonaldia goxatu diete Basurtun ospitaleratuta dauden umeei
Aste Nagusia Basurtuko Erietxera arte eraman diete bertan ospitaleratuta dauden umeei eta, horrela, jai giroaz gozatzeko aukera izan dute haur, heldu zein ospitaleko langileek. Marijaia, Global Circus zirkua, Itziar Ituño pregoilaria eta Nagore Ugarte txupinera joan zaizkie bisitan, besteak beste.
Urtero egin ohi duten bezala, aurten ere Aste Nagusia Basurtuko Erietxearen atarira eraman diete bertan ospitaleratuta dauden umeei. Haiek ezin izango dute Bilboko kaleetan zehar jaiaz gozatu eta bertara arte gerturatu dira goiz batez Global Circus zirkua, Marijaia, Konpartsetako kideak, Itziar Ituño pregoilaria eta Nagore Ugarte txupinera, baita Amaia Arregi alkateorde eta Herritarren Segurtasunerako zinegotzia eta Udaleko Jai Batzorde Mistoko ordezkaritza bat ere.
Ospitaleko San Pelaio Pabilioiko lorategian egin diete harrera eta, ostean, zirkuko artisten emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute erietxean daudenek, haur, heldu zein ospitaleko langileek, hain zuzen ere. Gainera, eguraldia lagun izan dute.
Arregiren hitzetan, tradizio bilakatu den ekitaldi hau «Aste Nagusiaz gozatzeko, ondo pasatzeko, gozatzeko, barre egiteko eta amets egiteko unea» da ospitalean dauden pertsonentzako, eta printzipioz umeei zuzendutako ekimena bada ere, helduen gozamenerako ere izan ohi da.
Adinekoen Eguna
Gaurkoan haurrak izan dira protagonista eta bihar adinekoen txanda izango da, Bilboko Aste Nagusiko Adinekoen Eguna ospatuko baitute.
Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren eta Mirada Activa eta Aukeragune programen erabiltzaile diren 300 bat pertsonarentzako egitaraua antolatu du Bilboko Udalak. Besteak beste, bazkaria izango dute Bilbao Arena pabilioian eta bertan jasoko dute Juan Mari Aburto alkatearen bisita, Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziarekin eta Itziar Urtasun Jaietako zinegotziarekin batera.