INFO

Munduko bigarren diamanterik handiena aurkitu dute Botswanan

Enpresa kanadiar batek 2.492 kilateko diamante bat aurkitu du Botswanan, orain arte munduan aurkitu den bigarren handiena.

Mokweetsi Masisi, Botswanako presidentea, harribitxia eskuan duela. (Monirul BHUIYAN | AFP)

Lucara Diamonds konpainia kanadarrak 2.492 kilateko diamante bat aurkitu du Botswanan, orain arte munduan aurkitu den bigarren handiena. Ostegun honetan bertan aurkeztu dio, ekitaldi publiko batean, Mokweetsi Masisi presidenteari.

Antzeman duten harri preziatua Botswanan inoiz aurkitutako handiena da.

«Aurkikuntza bikain hau, inoiz lurpetik atera den diamante landugabeko handienetako bat, X izpien transmisio-teknologiari esker detektatu eta berreskuratu da», adierazi du Lucara Diamondsek ohar batean.

Karoweko diamanteen meategian aurkitu zen harribitxia, herrialdearen erdialde-iparraldean, diamante handien merkatuan «mundu mailako aktibo bat» den ustiategian.

«Aurkikuntza honek Karowek mundu mailako diamante-meategi gisa duen posizioa indartzen du, eta garapen operatiboko eta lurpeko gure estrategiaren etengabeko arrakasta nabarmentzen du», adierazi du William Lamb Lucarako presidenteak.

«Pozarren gaude 2492 kilateko diamante bikain hau berreskuratu dugulako (...). Hain handia eta kalitate handikoa den harria bere horretan berreskuratzeko gaitasunak diamanteak berreskuratzeko gure ikuspegiaren eraginkortasuna erakusten du», gaineratu du Lambek.

Sailkapen historikoaren buruan ‘Cullinan’ diamantea dago, 3.106 kilate dituena eta 1905ean Hegoafrikan aurkitu zutena, egun Britainia Handiko Koroaren Bitxien parte dena.

Hirugarren postuan ‘Sewelo’ diamantea dago, 1.758 kilatekoa eta Lucara Diamondsek 2019an Botswanan aurkitutakoa.

Afrikako hegoaldean kokatua, Botswana, 2,5 milioi biztanle pasatxoko herrialde idorra da, munduko diamante ustiategi handienetako bat da, bere esportazio guztien %80 inguru hartzen duen industriarekin.