Tolosaldeak distira egin du txapeldunaren itzalean
Bigarren postuan amaitu du Euskotren Liga Tolosaldeak. Aurten aurrerapauso nabarmena eman du, banderen lehian sartuta. Joan den igandeko azken estropadan lehen garaipena lortu zuten urrezko mailan. Helburu txikia bete dute, baina banderaren saririk ez. «Harrotasuna» sentitzen du Zelaia arraunlariak.
Denboraldi hasieran bizi-bizi zihoan Tolosaldea, eta erronka handia zuen aurretik: azkartasun horri denbora luzez eustea. Bada, aurreikuspen guztiak bete ez ezik, gainditu ere egin ditu. Inoizko posturik onena lortu dute: tolosarrek bigarren amaitu dute Euskotren Liga. Ramon Erostarbek zuzendutako eskifaiak distira egin du txapeldunaren itzalean. «Denboraldi hasieran esaten bazenit, esango nizuke: Nora zoaz? Inork ez zuen sinistuko. Beste urteetan beti laugarren egin dugu. Hirugarren posturako borrokan geunden kostata, eta aurten bigarren egitea... Gainera, denok oso maila ona eman dugu. Arraun Lagunak koska bat gorago dago, baina Orio eta Donostiarra oso estropada onak egiten ari dira. Denak goaz borrokatzera. Hondarribia ere sartu zaigu aurten. Harrotasuna da hitza, bigarren postua oso-oso lehiatu egon delako», hausnartu du Ane Zelaia (2003, Belauntza) Tolosaldeko arraunlariak.
Hiru urte besterik ez dituzte egin urrezko mailan, eta aurten aurrerapausoa eman dute banderen lehian sartuta. Haiek izan dira bakarrak "Lugañene" ontziaren nagusitasuna hausten. Zarauzko Ikurrineko bigarren jardunaldiko estropada irabazi zuten. Egun «berezia» izan den tolosarrentzat: «Liga osoan zehar nahi genuen gauza bat zen. Estropada bat irabaztea. Ikusten genuen liga bukatzen ari zela, eta ez zela eguna iristen. Hala ere, ez geunden antsietatearekin, eta horrek ere lagundu zigun. Disfrutatzera joan ginen, eta helburu txiki hori lortu genuen».
«Indarra eta burua ez galtzea»
Lehen xede txikia lortu dute: aurreneko garaipena lortzea gorengo mailan. Handiena, baina, ez dute lortu oraindik; bandera bat astintzea, alegia. «Azken bi urteetan hori pasatu zaigu. Beti nahi genuen zerbait irabazi, eta esaten genuen: noizbait irabazi behar badugu, irabaziko dugu banderarik ez dagoenean edo zerbait izango da. Iaz hori pasatu zitzaigun txantxa artean, eta aurten ere berdina pasatu zaigu», adierazi du barre artean Zelaiak.
Arraunlariaren hitzetan, Arraun Lagunak-en pare jarri direnean, «indarra, burua ez galtzea, eta sinestea» falta izan zaie. «Garbi ikusten dena, eta ezin dena ukatu indarra da. Askoz indar gehiago dute, eskarmentua ere bai. Helduagoak dira, eta gu oso talde gaztea gara. Ia urtero multzoa berritzen egon garen talde gazte bat, harrobiko talde bat... Sinestea falta izan zaigu, indar hori beraiek parean jarritakoan burua ez galtzea. Ez gaude ohituta aurrean egoten, eta eusten. Beraiek ohituta daude atzetik aurrera egiten. Hor hut egin dugu, haien ondoan izan garenean».
«Sinestea falta izan zaigu, indar hori beraiek parean jarritakoan burua ez galtzea»
Horren harira, Zelaiari galdetuta ea banderarik ez duten irabazi, batez ere Arraun Lagunak oso indartsu aritu delako, erantzun du baietz, «beste puntu batean» daudela: «Bandera guztiak eraman dituzte. Ondoan egonez gero, badakite buelta ematen. Meritu osoa dute, baina azpian egon garenak ere gure meritua dugu. Ez diot meriturik kentzen guk egindakoari».
Bigarren postua galtzeko zorian
Joan den asteburuko lehen jardunaldian Tolosaldeak bigarren postua galdu zuen, ia sasoi osoan bertan egon ostean. Bosgarren egin zuten. Oriok aurrea hartu zion sailkapenean, estropada bakarraren faltan. Belauntzarrak adierazi du joan den larunbatean sentsazio «oso txarrak» izan zituztela, itsasoan egin duten estropada «okerrenetarikoa» izan zelako: «Oso triste geunden, eta ezintasuna sentitzen genuen. Hala ere, jakin genuen onartzen larunbatean ez geundela gure onenean. Hau ez gara gu. Bagenekien hobeto egitea bagenuela. Igandean beste aukera bat genuen». Lehen txandatik mahai gainean kolpea eman, eta estropada irabazi zuten, bigarren postua berreskuratuz.
Balorazio «oso baikorra» egiten du belauntzarrak, nahiz eta egon diren estropada batzuk, ibaikoak bereziki, «ondo» egin ez dituztenak. Dena den, Zelaiak adierazi du «espero» zutela horietan «hain ondo» ez ibiltzea, batez ere «indarragatik eta eskarmentu faltagatik»: «Gehiago begiratzen diot zortzi aldiz geratu garela bigarren. Gehienbat kontuan hartuta nola ibili garen neguan. Asteburu askotan ez genuen trainerua osatzen, eta nork esango luke, bigarren postua amaitzea, eta taldea hain gaztea izanik».
«Gehiago begiratzen diot zortzi aldiz geratu garela bigarren. Nork esango luke, bigarren postua amaitzea, eta taldea hain gaztea izanik»
Garrantzitsuena da hobetzeko marjina badutela, eta, urteak aurrera joan ahala, indarra hartuko dutela: «Hiru urteetan hobekuntza nabaritu dugu. Oraindik urte asko dauzkagu hobetzeko eta gorputza egiten joateko. Gazteak izanda marjina izatea ona da».
Errioan estropada kaskarrenak egin dituzten bezala, itsasokoetan jardun ona egin dute, bereziki poparean itzuli da oso azkar. Zelaiak esan du bigarren luzeak «oso onak» aritu direla egiten, nahiz eta azken estropadetan agian lehen luzean gehiago asmatu. «Liga bukaeran agian lehen luzean gehiago asmatzen genuen, eta orduantxe bigarrengoan huts egiten genuen. Pentsatzen genuen ea noiz iritsiko ote zen eguna bai lehenengoa bai bigarrena ondo egiten ditugula. Uste dut olatuak behin ondo hartuz gero, disfrutatzen dugun talde bat garela, eta olatuetan min eginez gero, ezusteko txiki bat emateko kapazak gara».
Denboraldi hasieratik maila onean ikusi zaio Tolosaldeari, aurten biziago zihoala trainerua. Horren inguruan, belauntzarrak esan du hasieran negua «oso gogorra» izan zela, ez baitziren hasi entrenatzen «hain ondo». «Kostata» hartu zuten martxa, baina urteak aurrera egin ahala, «motibatzen» hasi ziren, eta «pixkanaka abiadura hartzen»: «Multzoa mantentzearekin, talde sendoa egin dugu, eta abiadura biziagoan goaz. Eta bai, uste dut saltoa eman dugula».
Kontxan, hortzak estutzera
Arraun Lagunak izan da ontzirik indartsuena. Zelaiaren ustez, bai psikologikoki bai fisikoki "Lugañene" beste puntu batean dago, baina irribarre batekin bota du abisua Kontxarako: «Edozer gerta daiteke». Haren hitzetan, azken estropadetan «distantziak gutxitzen» joan dira: «Bai Donostiarra, bai Orio, baita Hondarribia ere, distantziak gutxitzen joan dira. Gu Arraun Lagunak-en pare jarri garen bezala, Oriok baita ere jakin du beraien parean eta aurretik jartzen. Donostiarra ere hor ibili da, eta azken estropadetan ia-ia gainditu zituzten».
Kontxara begira, lehenenik eta behin, sailkatu egin behar dute. Ostegunean jokatuko dute sailkapen estropada, eta, hori lortu ondoren, iazko emaitza hobetzea izango dute helburu. «Iaz lehenengo jardunaldia irabazi genuen, baina bigarrenean ez genuen arraun egin. Burua joanda atera ginen, eta bukatu are gehiago. Sentsazio gazi-gozo horiek kendu nahi ditugu, eta ohorezko txandan sartzea lortzen badugu, hortik dena eman, eta ahalik posturik gorena lortzera joango gara. Bandera ez badugu lortzen, ea bigarren geratzeko kapazak garen».
«Olatuetan min eginez gero, ezusteko txiki bat emateko kapazak gara»
Hortzak estututa aterako dira traineru guztiak Kontxan, Arraun Lagunak-i bandera lapurtzeko. «Nahi duzu, beste izen bat gutxienez. Agian etortzen dira lehiakideak eta esaten dugu: ‘Zuek edo guk, baina baten batek’», esan du barrez belauntzarrak, eta gaineratu oso denboraldi «ona» egiten ari direla, eta «meritu guztia haiena» dela.
Hazkuntza «oso polita»
2018an sortu zuten Tolosaldea ontzia, eta geroztik, behetik gorainoko bidea ari dira egiten. Zelaia 2020an batu zen trainerura, ETE Ligan zeundenean. Belauntzarra dantzan eta igeriketan aritzen zen. Tolosako errekara hurbiltzen zenean, beti pentsatu izan du arrauna egin nahi zuela. Hala, behin koadrila lagun batek arraunean izena eman nahi zuela eta, halaxe hasi ziren. «Infantiletan hasi ginen, irabazten gainera. Astakirten batzuk ginen. Jubeniletan aukera duzu trainerua egiteko edo ez, eta justu ni kadetea nintzenean atera zuten trainerua. Orduan pentsatu nuen ezin nuela arrauna utzi trainerua probatu gabe».
Horrelaxe gaur egunera arte. Urte hauek nola joan diren galdetuta, belauntzarrak adierazi du behetik gorako bidea «oso gogorra» izan dela: «Urtero arraunlari askok utzi dute taldea. Aurten lehen urtea izan da multzoa mantendu dugula. Bakarrik hiru joan dira. Beste urteetan agian sei-zazpi joan dira. Horregatik izan da gogorra. Urtero hasi behar zenuen multzo erdiarekin, bizkarrezurra beti hausten zitzaizulako».
Bidea «oso polita» izan dela nabarmendu du, bereziki taldekide guztiak gaztetatik batera egin dutela arraun: «Ez gara lagun talde bat, familia txiki bat gara. Beraiekin haztea sekulakoa da. Jada lehenengo mailara igotzea sekulakoa da, eta orain horrela ibiltzea zer esanik ez. Betiko jendearekin... Uste dut gutxik esan dezaketela hori. Atzera begiratzen duzu eta askotan ez gara kontziente zer egiten ari gara. Aitarekin txikitan joaten nintzen Tolosako trainerua ikustera, zale sutsua nintzen. Orain argazkiak ikusten ditut, eta ni nago beste aldean. Nostalgikoa da, eta aldi berean polita».