INFO

Sexu aldaketa iruzurra zela salatu zuten ertzainek eta erizain batekin ere liskarra izan zuen

Bikotekideari labanaz eraso egin zion ertzainaren kasuan zenbait datu berri adierazgarri dago. Komisaldegiaren emakumezkoen aldagelan arropaz aldatzeko eskaera egin zuen, baina hauek aurka agertu ziren, sexu aldaketa jada iruzurtzat jota. Preso baten bisita medikuan ere liskarra eragin zuen.

Ruben Mugica da ertzain honen abokatua, ‘El Mundo’k jakinarazi duenez. (Unanue | Europa Press)

Donostiako Txomin Enea auzoan bere bikotekideri labanaz mehatxu egin zion ertzainaren sexu aldaketa indarkeria matxistaren inputazioak saihesteko egin ote zuen ikertuko dela iragarri du Fiskaltzak. Bere lankideek aurretik jada horren salaketa publikoa egin zuten. Izan ere, ‘El Mundo’ egunkariak argitaratu duenez, pasa den abenduan albiste izan zen gertaera baten protagonista berbera da.

Emakumezko ertzain hauek salatu zutenez, poliziakide honek erregistroan generoa aldatu ondoren beren aldageletan aldatzeko eskaera egin zuen, baita hasieran lortu ere. Beraientzat ez zen sinesgarria, ordea: «Inoiz ez du generoa aldatzeko inolako asmorik agertu, gizonezko bezala janzten segitzen du eta ez dio inori emakume gisa hartzeko eskatu. Berari buruz hitz egiten duenetan ere, gizonezko gisa hartzen du bere burua», adierazi zuten publikoki.

Auziak oihartzuna izan zuen hedabideetan, eta orduan Segurtasun arloko sailburu zen Josu Erkorekari galdera batzuk luzatu zizkioten kazetariek. Kontu zaila zela eta baloratzen ari zirela erantzun zuen Erkorekak. Azkenean, emakumeen aldagelan arropaz aldatzeko baimena eman omen zioten, baina gela itxi batean eta gainerako lankideekin kontaktu zuzenik izan gabe.

Dirudienez, honen ondorioz giroa nabarmen gaiztotu zen lankideekin zein Ertzaintzaren zuzendaritzarekin, eta lan egiteari utzi zion ertzainak, baja hartuta.

Erizain baten aurka egin zuen

‘El Mundo’k igande honetan erantsi duenez, hau ez da poliziakide honek izan duen polemika bakarra. Duela lau urte preso bat erietxe batera eraman behar izan zuen eta ika-mika izan zuen bertako erizain batekin, honek aurpegiratu ziolako artatzeko baldintzak ez zirela egokiak.

Honen ondorioz, ertzainak salaketa aurkeztu zuen osasun arloko langilearen aurka, baina hau «faltsua» zela leporatu zion Fiskaltzak eta lau urteko espetxe zigor eskaera aurkeztu zuen polizikidearen kontra. Epaiketan errugabe atera zen ertzaina 2022. urtean, eta dena ezertan geratu zen.

Polizikiadeak jarri zuen salaketan, istilu horretan erizainak bere burua identifikatzeari uko egin ziola eta talka fisikoa izan zutela aipatzen zuen, baina Fiskaltzak ondorioztatu zuenez, gezur borobila zen esandakoa.

Prozesu horretan zein orain Txomin Enean gertatutakoaz abiatutakoan, Ruben Mugica da ertzainaren abokatua. ETAk hil zuen Fernando Mugica Herzogen semea da eta, besteak beste, Covite ordezkatu du auzitegietan, «Altsasu auzian», esaterako.

Donostiako eraso matxista honen ostean NAIZek aurreratu zuenez, jarrera ultraeskuindarrak agertu ditu ertzain honek sare sozialetan eta ezker abertzalearen kontra egiteagatik nabarmendu da.