INFO

Yorgos Lanthimosen ‘Poor Things’ filmak jasoko du FIPRESCI 2024 Sari Nagusia

Yorgos Lanthimosek zuzendutako ‘Poor Things’ filmak eskuratu du FIPRESCI Sari Nagusia, Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek 2024ko pelikularik onen gisa hautatua izan ondoren. Zinemandiaren inaugurazio galan, irailaren 20an, jasoko du saria Lanthimosek.

Emma Stone, ‘Poor Things’ filmean. (FOX SEARCHLIGHT | EP)

Yorgos Lanthimos zinema zuzendari greziarraren ‘Poor Things’ filmari esleitu diote FIPRESCI Sari Nagusia,  Zinema Kritikarien Nazioarteko Federaziak ematen duen saria. Bozketan mundu osoko 791 kritikarik hartu dute parte, eta ekoizpen britainiar hau aukeratu dute 2023ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako pelikula guztien artean. Zuzendari greziarrak lehendabizikoz jasoko du nazioarteko kritikaren aintzatespen hau.

Beste lau finalistak honako hauek izan dira: Radu Jade zuzendariaren ‘Nu astepta prea mult de la sfârsitul lumii / Do not Expect Too Much from The End of the World’, Ryusuke Hamaguchiren ‘Aku Wa Sonzai Shinai / Evil Does Not Exist’ (Perlak, 2023), Andrew Haighen ‘All of Us Strangers’ eta Mohamad Rasoulofen ‘Daney anjir maabed / The Seed of the Sacred Fig’ (Perlak, 2024).

‘Poor Things’ 2023an estreinatu zen Veneziako zinema-jaialdian eta film onenaren Urrezko Lehoia eskuratu zuen. Golardoa nazioarteko ibilbide bikain baten hasiera izan zen eta, besteak beste, bi Golden Globe, bost Bafta Sari, Oscar sarietarako hamaika izendapen eta lau sari jaso ditu (besteak beste, emakumezko aktore protagonista onenaren saria Emma Stone aktorearentzat).

FIPRESCI Sari Nagusia irailaren 20an banatuko da Donostia Zinemaldiaren 72. edizioaren inaugurazio-galan. Egun horretan bertan filmaren emanaldia programatuko da.

1999an sortu zenetik hainbat zinemagile handik jaso dute FIPRESCI Sari Nagusia, hala nola hauek: Maren Ade, Paul Thomas Anderson, Alfonso Cuarón, Jean-Luc Godard, Ryusuke Hamaguchi, Michael Haneke, Aki Kaurismäki, Richard Linklater, Terrence Malick, George Miller, Cristian Mungiu eta Chloe Zhao.