INFO

Inoizko euskaldun gehien Paralinpiar Jokoetan, eta dominak irabazteko gosez

Guztira, 22 euskal kirolari lehiatuko dira Parisko Paralinpiar Jokoetan, inoizko gehien. Hazkuntzari tamaina hartzeko nahikoa da Rioko hitzordura begira jartzea, orduan zortzi euskal ordezkari izan baitziren. Hamaika diziplina desberdinetan arituko dira, ostegun honetan hasi eta irailaren 8ra arte.

Alexandre Leaute, Ahurtin bizi den txirrindularia, abuztu hasieran lehiatu zen Munduko txapelketan. (Oli SCARFF | AFP)

Anitza izan zen euskaldunen ordezkaritza Parisko Olinpiar Jokoetan, eta horiek bukatu eta apenas bi aste pasa diren honetan, inoizko euskaldun gehien arituko dira Paralinpiarretan. Guztira 22 kirolari euskal herritar lehiatuko dira –horietatik %42 dira emakumeak–, hamaika kirol ezberdinetan: arrauna, arku-tiraketa, boccia, gurpil-aulkiko saskibaloia, igeriketa, txirrindularitza, parabadminton, piraguismoa, mahai tenisa, tiraketa eta triatloia.

Azken zortzi urteetan kirolari paralinpikoek eman duten hazkundearen isla besterik ez da. Oro har, Parisko hitzordu honetan 4.400 kirolari egongo dira, aurreko ekitaldietako zifra guztiak gaindituta. Euskaldunen kasuan, hirukoiztu egin da parte-hartzea Rioko Paralinpiar Jokoetatik. Orduan zortzi kirolari joan ziren Brasilera, tartean Iñigo Llopis eta Ivan Salguero igerilariak, bertan debut olinpikoa eginez. Igerilari gipuzkoarrak Tokion erdietsitako emaitzak hobetzea izango du helburu –zilarrezko domina kolkoratu zuen 100 metro bizkar estiloan, bai eta beste hiru diploma ere–; dominen poltsikoa betetzen joateko asmo tinkoarekin iritsi da Parisera.

Nahia Zudairek eta Mikel Erdozainek –Parisen lehiatuko duen lehen kirolaria izango da, bihar, 10.13an– osatuko dute igeriketako euskal ordezkaritza, bigarren zabalena, gurpildun saskibaloia baita euskaldun gehien pilatzen dituen kirola. Bidaideak eta Zuzenak taldeen indargunearen isla besterik ez da. Gasteizko taldeko Agurtzane Eguiluz, Laura Ugarte eta Naiara Rodriguezek Espainiako taldearekin jokatuko dute, bai eta Barañaingo Bea Zudairek ere. Gizonezkoetan, Asier Garcia bilbotarraren argitasuna izango du talde espainolak.

Txirrindularitzan ere –pistan zein errepidean lehiatuko dira guztiak– euskaldunen multzo zabala izango da, eta dominaren bat edo beste lortzea espero da: Eduardo Salas nafarrarekin eta Alexandre Leaute –Tokioko lau dominen jabea–, Dorian Foulon –urrea irabazi zuen duela hiru urte– eta Heidi Gaugan lapurtarrekin.

Iñigo Llopis (igeriketan), Asier Garcia (gurpildun saskibaloian), Eduardo Salas, Alexandre Leaute, Dorian Foulon (txirrindularitzan) eta Perle Bouge (arraunean) dira Parisera doazen euskaldunen artean inoiz dominaren bat kolkoratu dutenak

Mahai-tenisean aukera

Lehiatzen goiztiarrak izango dira mahai tenisean arituko diren biak ere, Iker Sastre eta Ander Cepas, belaunaldi ezberdinetako bi kirolari. Bizkaitarrak bere bigarren Jokoak lehiatuko ditu; Tokion disfrutatu eta Parisen emaitza konkretuen bila joango da. Gipuzkoarrak, 20 urte besterik ez dituela, debuta egingo du hiriburu frantsesean.  

Gainontzeko sei kiroletan euskaldun bakarra izango dugu lehian: boccian, Amagoia Arrieta; arraunean, Perle Bouge (brontzea irabazi zuen Rion); arku tiraketan, Guillaume Toucoullet; parabadmintonean, Gasteizen bizi den Mariam Eniola nigeriarra, piraguismoan, Higinio Rivero; tiraketan Fernando Mitxelena eta triatloian Rakel Mateo.