INFO

30 urteko langile bat hil da, Amezketako paper lantegian izandako istripuaren ondorioz

Azpikontratatua zegoen 30 urteko langile bat zendu bat ostegun honetan, Amezketako paper lantegi batean istripua izan eta lau egunera, LABek jakitera eman duenez.

Elkarretaratzea egin zuten langileek Aralar enpresaren aurrean istripua gertatu ondoren. Orain zoritxarreko albistea egiaztatu da: hil egin da langilea. (LAB)

Amezketako Aralar paper lantegian lan istripua izan eta larri zauritu zen langilea hil egin da ostegun honetan, LAB sindikatuak ohar batean jakitera eman duenez.

P.R.C. Ibarra Argi Lanak enpresako 30 urteko langilea zen. Mantenu lanak egiten ari zen Aralar paper enpresan. Istripua jazo eta lau egun beranduago hil da.

Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten lankideek. Orain, zoritxarreko albistea iritsita, lan-uztea deitu du enpresa batzordeak, ostegun honetako 14.00etan hasi eta ostiraleko 14.00ak arte luzatuko dena.

Honetaz gain, elkarretaratzea egingo dute ostiralean, 11.00etan, Amezketako enpresaren egoitzaren atarian. Enpresa-batzordeak dei egin die Aralar paper lantegian ari diren azpikontratetako langile guztiei mobilizazioan parte hartzera; izan ere, hil den langilea ere azpikontratatua zela gogora ekarri du sindikatuak.

«Azpikontrata ezberdinak lanean ari diren enpresetan, enpresa nagusiari dagokio, hau da, Aralar paper lantegiari kasu honetan, gremio ezberdinen arteko koordinazioa eta segurtasuna bermatzea. Eta hau egoki ez egiteak ekarri du langilearen heriotza. Onartezina da», adierazi du sindikatuak oharrean.

«LAB sindikatutik askotan salatu izan dugu azpikontrata ezberdinak dauden enpresetan prebentzio plan egokiak ondo ez egiteak dakartzan arriskuak, eta heriotza honek agerian utzi du hori, beste behin ere», salatu du.

Azken honekin, 38 dira jada urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak, LABek egindako zenbaketaren arabera.