INFO

Osasun-baliabideak murriztuta «gure bizitzak arriskuan» jartzen direla ohartarazi dute Laudion

Mediku faltagatik berandu artatu zuten herritar baten heriotza gaitzesteko mobilizazioa egin dute ostegun honetan Laudion, osasun sistema «publiko eta duina» aldarrikatuz. Irtenbide baten aldeko neurriak exijitzen jarraitzeko, antolatzera deitu dute.

Laudioko plaza, manifestazioa abiatu aurretik. (Monika DEL VALLE | FOKU)

SOS Aiaraldea plataformak deituta, herritar andana kalera atera da Laudion, bertako ZIU mugikorrak medikurik ez zuelako berandu artatu zuten bizilagunaren heriotza salatu eta osasun sistema publikoa indartzeko deia berriro ere plazaratzeko.

Laudioko kaleetan salatu duten kasu hau iragan ostegunean jazo zen –larunbatean publiko egin bazen ere–, baina ez da lehen aldia izan herrian halako zerbait gertatzen dela. Izan ere, urtarrilean beste pertsona bat hil zen bihotzekoak jota. Etengabeko Arreta Gunera jo zuen, baina gau hartan ez zegoen medikurik. Larrialdietako anbulantzia bat bertaratu zen, baina ezin izan zioten bizia salbatu.

Mobilizazioa abiatu aurretik Pili Elortegi SOS Aiaraldea plataformako kideak hedabideei laburbildu dienez, «gu behar duguna da osasun publiko ona eta kalitatezkoa, medikuarekin». Halaber, erreklamazioak aurkezteko egin dituzten bi kanpainen arrakasta nabarmendu du, «erantzun bat» lortzeko modua dela defendatuz.

«Gure bizitzak arriskuan jartzen dira osasun-baliabideak murrizten diren bakoitzean», ohartarazi dute eta galdera bat ere bota dute: «Noiz arte entzun beharko dugu Osakidetzan ez dagoela arazorik?».

«Urduri gaude, amorratuta eta haserre, gure beharrak asetzeko nahikoa baliabide jartzen ez direla ikusten dugulako», ohartarazi dute anbulatorioaren atarian. Horrekin, orain arte egindako aldarrikapenen aurrean ez entzunarena egitea leporatu diote zerbitzu hauen arduradunei.

Gainera, osasun langileen lanari «behar bezalako aitortza» ematen ez zaiola deitoratu dute mobilizazioan. «Mediku, erizain, zeladore edota administrazioko langileok talde bat osatzen dugun heinean gutako bat falta den bakoitzean besteon lan karga eta arduretan eragina du», adierazi dute.

Antolatzeko deia

Hori dela-eta, mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute eta, horrez gain, osasun zerbitzuetan antzematen dituzten gabeziak (pertsonal falta, hitzorduak lortzeko denbora luzeak...) eskura dituzten erreklamazio-orrietan ere islatzeko deia egin diete erabiltzaileei.

«Egoera zail honen aurrean antolatuago eta indartsuago ikusten dugu geure burua, borrokan jarraitzeko, egora honi aterabide bat emango dioten neurriak exijitzen jarraitzeko», adierazi dute.