Robert Kennedy eta Trump batera: zein ondorio izango du batasunak?
Joan den ostiralean, Alderdi Demokrataren Chicagoko konbentzioa amaitu eta berehala, Donald Trumpen taldeak gonbidatu berezi bat iragarri zuen presidente ohiak Las Vegasen eman behar zuen ekitaldirako. Askok berehala asmatu zuten Robert Fitzgerald Kennedy hautagai independentea izango zela.
Joan zen ostiralerako, ezaguna zen Kennedy presidentetzarako lehiatik erretiratzekoa zela, eta Donald Trumpek kargu bat eskaini ziolako zurrumurrua zebilen. Azken batean, inkestek etengabe beherantz egin dutela ikusi da azken asteotan. Aditu gehienek diote Kamala Harris hauteskunde lehian sartzeak goitik behera eraldatu duela kanpaina. Ordura artean, Robert Fitzgerald Kennedy (RFK) bi hautagai nagusien atzetik zihoan, baina estatu batzuetan %10etik gora ematen zioten inkestek.
Hau da, balantza alde batera edo bestera egiteko besteko boto-kopurua iragartzen zioten. Boto-emaile horiek demokratengandik ala errepublikanoengandik hurbilago ote zeuden luzaroan eztabaidatu izan da.
Biden erretiratzeak eta Harrisek ordezkatzeak guztia irauli zuen, eta RFKren ontzian ere zuloa eragin zuen. Babesa galdu eta galdu ibili da udan zehar, doi-doi %5era iritsi eta erretiratzea erabaki duen arte. Ez musu-truk, horratik: Donald Trumpek leku bat agindu dio bere administrazioan, bozak irabaztekotan.
Berriz ere, galdera da murrizten joan arren mantentzea lortu zuen babes hori Trumpengandik ala Harrisengandik hurbilago dagoen. Hautagai batek bazterrera egin eta beste baten alde bozkatzeko eskatu arren, bere jarraitzaileek ez dute zertan gauza bera egin. Edozelan ere, litekeena da RFKren bidez boto batzuk iristea Trumpen alde.
Zaku hori handiagoa ala txikiagoa den jakitea falta da. Horretarako, hurrengo inkesten zain egon beharko da, baina hor ere begiradak baldintzatuko du ikusten dena: Trumpen Las Vegaseko ekitaldia –Kennedy ondoan izan zuena– Chicagoko konbentzio demokrataren biharamunean izan zen.
Denak datoz bat, errepublikanoak ere bai, esatean Harrisen diskurtsoaren segidan egindako inkestek gorantz bultzatuko dutela hautagai demokrata, baina uneko puztea izatea espero dute aurkariek.
Kontuak kontu, RFK faktorea aintzat hartzeko, detaileei erreparatu beharko zaie, oro har hauteskundeetako inkesta gehienei legez: AEBetako datu orokorrak ezer gutxi balio du, Michigan, Wisconsin edo Pennsylvania bezalako estatuetan zehazki daukan eraginari erreparatu behar zaio unean uneko egoeraren berri izateko.
Alderdi Demokratako familia ospetsueneko kidea
Robert Fitzgerald Kennedy tiroz hil zuten izen bereko senatari eta presidentegaiaren semea da, eta Dallasen hildako presidentearen iloba. Hau da, Alderdi Demokratako familia ospetsueneko kide da, taldeko ardi beltz bezala agertu den arren luzaroan.
Sasoi batean, establishment demokrata baino ezkerrerago zegoela zirudien, klima-aldaketaren aldeko mobilizazioetan neurri gogorragoak eskatuz, kasu. Baina bestelako konspirazio-kasu batzuei ere heldu zien, eta pandemiarekin txertoen aurkako aldarrikatzaile nagusietakoa bihurtu zen, eskuin muturretik zetozkion keinuetako batzuekin ere bat eginez.
Duela urtebete primario demokratikoetan parte hartuko zuela aurreratu arren, azkenean independente gisa aurkeztea erabaki zuen.
Ez da demokrata edo errepublikanoez gain aurkezten den hautagai bakarra. Cornel West ezkertiarra independente gisa doa, esate baterako, eta Berdeek Jill Stein aurkeztuko dute berriz ere; eskuinetik, Alderdi Libertarioak Chase Oliver izeneko aktibista darama presidentegai. Ez dute aukerarik, bistan da, baina boto gutxi batzuek eragin handia izan dezakete: 2022ko senatuko bozetan, kasu, Oliver-en aldeko botoek (%2) Georgian gehiengo osorik inork ez izatea ekarri zuen, eta hilabete beranduago bi hautagai nagusien arteko buruz buruko bozketa egin behar izan zuten.
Boto-mugimendu txiki baten eragina
Horregatik, Georgian bezala lehia oso estua den estatuetan, boto-mugimendu txiki batek goitik behera alda dezake azken emaitza. Berdin Pennsylvanian zein Wisconsinen; Kennedyk Trumpi boto gutxi batzuk ekarrita ere, baliteke hori izatea galtzailearen eta irabazlearen arteko aldea.
Ez da AEBetaraino joan behar politikari batek egun batean jarrera bat izan eta handik gutxira horren aurkako zerbait bozkatzeko. Baina Trumpek eta RFKk sekulakoak eta bi esan dituzte elkarren kontra duela oso gutxira arte, demokratak sare sozialetan behin eta berriz gogorarazten ari diren bezala. Kennedyk esana da Trumpek bezala klima aldaketa ukatzen dutenak Hagan auzipetu beharko liratekeela, eta gerra kriminal gisa espetxeratu.
Trumpek, berriz, «ezkertiar erradikal, muturreko ekologista» deitu zion, eta haren kanpainak «komunista» izendatu du Kennedy hilabeteotan sarritan. Bolo-bolo dabilen beste bideo batean, duela hilabete batzuk Trump babestuko ote lukeen galdetu ziotenekoa ikus daiteke: «Emaztea dibortziatu egingo litzaidake» erantzun zuen RFKk.