Pradales eta Chivite heldu den asteazkenean bilduko dira Iruñean
Heldu den asteazkenean, irailak 4, Iruñean bilduko dira Imanol Pradales eta Maria Chivite, EAEko eta Nafarroako lehendakariak. Ekainean Pradalesek kargua hartu zuenetik lehen aldiz bilduko dira. Bi Gobernuen arteko harremanei «bultzada berri bat emateko» helburuarekin egin dute hitzordua.
Imanol Pradales eta Maria Chivite lehendakariak Iruñean bilduko dira datorren asteazkenean, irailaren 4an, Lakuako Gobernuak ostiral honetan jakinarazi duenez.
Ekainean Pradalesek kargua hartu zuenetik Chiviterekin izandako lehen hartu-eman «pertsonal eta instituzionala» da, eta bi agintariek «bi gobernuen arteko harremanei bultzada berri bat emateko eta interes komuneko gaiak jorratzeko balioko du, hala nola Nafarroaren eta Euskadiren arteko lankidetza-protokoloa», Lehendakaritzak adierazi duenez.
Pradalesek lehendakari gisa beste erkidego bateko gobernuburu batekin egingo duen lehen bilera formala izango da. Orain arte Pedro Sanchez Gobernu espainoleko presidentearekin bildu da Ajuria Enean, uztailaren 26an.