INFO

Gasteizko garaipena errepikatu du Altunak Rezustarekin Donostian, Bilboko arantza aterata

Bergarako atzelaria oso fresko hasi dela, Aspekoek hasieratik hartu dute finalaren ekimena eta azkenerako finaleko pilotaririk onena izendatu duten amezketarraren eraginkortasunak hautsi du Baikokoen sendotasuna.

Gasteizen lortutako garaipena errepikatu dute Altuna eta Rezustak Donostian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Jokin Altuna asegaitza da eta gaurkoa bezalako Beñat Rezusta fresko batekin ia ezinezkoa da amezketarraren gosea dominatzea. Garai bateko joa berreskuratuta, Bergarako atzelaria bizkartzain ezin hobea izan da torneoko pilotaririk onenaren Iñigo Salvidea saria eraman duen pilotariarentzat, helburu hirukoitz bat lortuz. Abuztu hasieran elkarrekin Gasteizen lortutako garaipena eskuratu dute gipuzkoarrek, aurrelariak igandeko finaleko arantza atera ahal izan du aurten final batean nagusitu zaion bikote bakarraren aurka eta, bide batez, 2016 –Zabaletarekin– eskuratzen ez zuen Donostia Hiriko trofeoa ere Larrunarriren magaleko txoko horretara. Laso-Imaz gaindituta egon dira ia partida osoan zehar, baina Bilboko txapeldunek ere merezi dute aipamenik, euren borrokarako grinak asko edertu baitu Donostiako Atano III.a ia bete duten pilotazaleak oso gustura utzi duten partida.

Lehen sakea urdin izan den arren, gorriak izan dira lehen unetik partidaren ekimena hartu dutenak. Uda honetako joerari jarraiki Beñat Rezusta fresko aritu da, pilota pare bat errebotean sartzeaz gain, defentsan ere lan ikusgarria osatuz, errebotetik bertatik ere botiboleaz ezinezkoa zirudien pilota bat ere frontisean jarriz. Eta halako atzelari batekin, Jokin Altunak ere ez du tantoak amaitzeko aukerarik galdu, ohikoa duen eraginkortasunez.

Lehen txanpa horretan Baikoko bikoteari gehienean defentsan aritzea egokitu zaie, baina beti ere, euren borrokarako grina hori galdu gabe (8-1). Hala, amezketarrak normalean egiten ez dituen akats horietako bati etekina aterata, euren gustuko –edo Rezustari kontrako-eztarritik joan zaion– pilota bat jokoan ipinita, tanto bakarrera gerturatzeko modua egin dute. Bote gutxiago pilota horrekin, Bergarako atzelariak ezin izan du ordura arte bezala agindu, Lasok ere eskuina errazago bilatu dio ezkerraren akatsak behartuz eta Imaz erosoago batekin, tanto bakarrera gerturatu dira (8-7).

Ezin partida berdindu

Ez dira, ordea, partida berdintzeko gai izan, ezker gantxoarekin baino, dejadekin Jokin Altunak mina egin dio Unai Lasori eta Rezustak partidaren aginte makila berreskuratuta, berriz ere ihes egin dute markagailuan Aspeko gipuzkoarrek (15-9).

Hala ere, ezer badira, amore nekez ematen duten horietakoak dira Laso eta Imaz eta izan dute beste susperralditxo bat, Altunak beheko txapara eta epaileek goikoan ikusi duten Rezustaren beste pilota batekin. Hala ere, urdinen pare bat huts eta Altunak bideotekan gordetzeko bi-paretako ikusgarri batekin –lautik eta pilota oso behean zela lege zaharrean–faboritoak sei tantoren aldearekin joan dira azken atsedenaldi luzera (18-12).

Saiatu da Laso, gantxo ikusgarri pare batekin, aurkarien garaipenerako bidea oztopatzen, baina salbuespena dira amezketarrari egoera horretan ihes egiten dioten partidak.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a-Rezusta: 22

Laso-Imaz: 15

Pilotakadak: 488. Iraupena: 63 minutu. Markagailua: 4-0, 4-1, 8-1, 8-7, 9-7, 9-8, 13-8, 13-9, 115-9, 15-12, 19-12, 19-14, 21-14, 21-15, 22-15. Sakeak: 1 Altuna III.ak eta 0 Lasok. Egindakoak: 12 Altuna III.ak, 4 Rezustak, 6 Lasok eta 1 Imazek. Galdutakoak: 4 Altuna III.ak, 4 Rezustak, 4 Lasok eta 3 Imazek. Gorabeherak: Sarrera bikaina, betekadatik gertu, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Lehen sakea urdin.