INFO

Udaltzainen aldi baterako lan poltsan euskara eskatzea baliogabetu dute oraingoan

Euskararen aurkako erasoaldi judizialean beste urrats bat egin du EAEko Auzitegi Nagusiak. Oraingoan udaltzainen aldi baterako lan poltsan euskara eskakizunen artean izatea baliogabetu du. Kalean diharduten polizikideen «bikote bakoitzeko kide batek jakitea» nahikoa dela dio epaiak.

Arkautiren erizpideen kontrako epaia da orain berretsitakoa. (Raul Bogajo | Foku)

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 2021ean deitutako udaltzaingoentzako aldi baterako lan poltsan parte hartzeko euskararen hizkuntza eskakizuna izateko nahitaezko baldintza.

Honekin berretsi egin du, beraz, Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 3. Epaitegiaren epaia, aurretik emandakoa. Udalek lan-poltsa horretara jotzen dute udal-agenteen plazak bete behar dituztenean. UGTk jakinarazi zuen hori 2022ko irailean.  Hortik hilabete gutxira zabaldu zenez, Lakuako Gobernuak ez zuen honen aurkako helegiterik aurkeztu, eta ondorioz B2 euskara maila ez egiaztatzeagatik udaltzain izateko deialditik kanpo geratu zirenak onartu behar izan zituzten.

‘El Correo’k argitaratu eta auzitegiak ostegun honetan baieztatu duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak uste du euskara eskakizuna eskatzea «neurrigabea eta diskriminatzailea» dela hizkuntza hori ez dakienarentzat, eta adierazi du lan poltsaren helburua «udaltzainen faltari» aurre egitea zela, eta, beraz, hizkuntza bigarren mailako aldagai gisa hartu behar zela.

Nolanahi ere, aitortzen du «euskal hiztunek hizkuntza koofizialean komunikatzeko duten eskubidea bermatu egin behar dela, gutxiengoa osatzen duten ala ez kontuan hartu gabe». Horretarako, ordea, nahikoa litzateke «bikote bakoitzeko kide batek eta jendea artatzen duten eragileetako batek hizkuntza ezagutzea».

Horregatik ondorioztatzen du euskara maila jakin baten baldintza «ez dagoela justifikatuta» eta, gainera, «biztanleriaren zati handi bat, erdaldunak, diskriminatzeko elementu bihurtu da, funtzio eta kargu publikoetara iristeko duten eskubideari dagokionez».

Hizkuntza eskakizuna izateko derrigortasunak «erdaldunen funtzio eta kargu publikoetarako sarbidea mugatzen du, arrazoi objektiborik gabe».

Euskara «meritu» gisa, eta ez betebeharreko baldintza gisa, kontuan har daitekeela aipatzen du epaiak.