INFO

ACBko taldeen Euskal Kopak Iraurgiren 50. urteurrena ospatuko du hilaren 13an Azpeitian

Denboraldiaurreko hitzordu garrantzitsua bihurtu da Saski Baskonia eta Bilbao Basketentzat. Azpeitia kiroldegia betetzea da xede eta iaz Galdakaon ez bezala, jokatzeko arazorik ez dela izango espero da.

ACB Ligan jokatzen dutenen Euskal Koparen aurkezpena, Azpeitin. (Idoia ZABALETA | FOKU)

ACBko taldeen Euskal Kopa denboraldiaurreko hitzordu garrantzitsuenetako bat da Saski Baskoniarentzat zein Surne Bilbao Basketentzat. Biek ala biek oraindik lan handia eta luzea izango dute egiteke, baina aurreneko neurketetan konpondu gabe geratzen diren zenbait akats zuzentzeko egokiera ere izango dute ordurako. Urtero leku ezberdinean ospatu ohi da Euskal Herrian mailarik gorena duen saskibaloi ekitaldi hau eta aurten Azpeitian jokatuko dute gasteiztarrek zein bilbotarrek, hilaren 13an 20.00etan Azpeitia kiroldegian.

«Zaletasun handia dagoen arren, eliteko saskibaloia egunero iristen ez den lekuak bilatzen ditugu, Donostia, Bilbo eta Gasteizko poloetatik aparte», adierazi du Luis Sautu Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidenteak ostiral honetan izan den aurkezpen ekitaldian.

Aurtengo Euskal Kopa Azpeitian jokatuko da Iraurgi klub historikoaren 50. urteurrena ospatzen delako. Hargatik, aurkezpenean Sauturekin batera Iraurgi klubeko Maier Lizaso presidentea ere izan da. Horrez gain, Isabel Iturbe presidenteak Bilbao Basket ordezkatu du eta Luis Kerejetak, berriz, Saski Baskonia. Bertan izan dira ere Azkoitiko Kirol zinegotzi Igor Isusquiza eta Azpeitiko kirol zinegotzi Jon Oteiza.

Iraurgi Saskibaloiak ACB Euskal Koparen finalaz gozatzera animatu ditu zaleak. Maier Lizaso presidenteak azaldu duenez, «momentu altuan dago kluba boluntarioen lanari esker, eta irailaren 13ko partida gure kantxetan ikus daitekeen politenetarikoa izango da».

Sarrerak dagoeneko salgai daude. Helduek 18 eta 22 euro bitartean ordaindu beharko dute eta 5 urtetik 15era bitartekoek 10 euroan izango dute sarrera.

Iaz ezin izan zen Euskal Kopa amaitu. Galdakaon jokatu zuten Saski Baskoniak eta Bilbao Basketek, baina hezetasunaren erruz bigarren laurdenean bertan behera geratu behar izan zen, lesio larririk izateko arrisku handia zela–eta. aurrez ere atzerapen handiaz ekin zitzaion partidari, auto istripu baten erruz Saski Baskoniaren espedizioa Galdakaora iritsi ezinik geratu zelako.