Andollu eta Okina arteko mugarriak lotzen dituzten 11 kilometroak egin dituzte Olarizu Egunean
Udari agur esan neta ikasturte berrian murgiltzeko festa izaten da irailean Olarizun ospatzen dena, Olarizu Eguna. Gasteizko udalbatzak eta udalerrietako ordezkariek urtero legez ibilaldia egin dute, astelehen honetan, Andollu eta Okina arteko mugarriak bisitatu dituzte.
Gasteizko udalbatzako eta udalerrietako ordezkariek Andollu eta Okina arteko mugarriak lotzen dituzten 11 kilometroak egin dituzte astelehen honetan, Olarizu Egunean, udal mugartea zehazten duten mugarrietara urtero egiten den bisitan.
Aurten, Gasteizko administrazio batzordeetako ordezkariek, alkateak eta zinegotziek 11 kilometroko ibilbidea egin dute eta, bertan, Andollu eta Okina arteko 38 mugarriak bisitatu eta 14 kontzeju zeharkatu dituzte. Ibilbidea nahiko zaila da, malda handiak baititu, baina paisaia ederra du.
Mugarri horietara egindako bisita izaten da Olarizu Eguneko lehen ekitaldietako bat. Hain zuzen ere, jai horrekin egiten zaio agur Gasteizko udari, eta ikasturte berriari hasiera ematen zaio. Arratsaldean, eta jai giroko egitarauarekin aurrera jarraituta, Olarizuko Etxaldeko zelaietan aisialdira bideratutako zenbait ekimen egiten dira. Hala nola babarrun jana, herri kirolak eta dantzaldia.
Ekitaldiak 20:00etan amaituko dira, udalbatza Plaza Berrira itzultzen denean. Alboan izango dituzte Gasteizko Udal Musika Banda, txistulariak, atabalak, trikitilariak, panderojoleak, gaiteroak eta danborrak, eta buruhandi eta erraldoien konpartsa.