INFO

Abadia Saria jaso du Ruper Ordorikak, euskal kulturari egindako «ekarpen agortezinagatik»

«Bere musikaren eta ahotsaren bitartez, iturri anitzetatik edanez, euskal kantagintza eta hizkuntza muga berrietara zabaldu du Ruperrek», aitortu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Eider Mendozak, Abadia Saria emateko ekitaldian.

Ruper Ordorika, saria jaso ondoren. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ruper Ordorika Ezkurdia (Oñati, 1956) musikari eta abeslariak ostegun arratsalde honetan jaso du, Donostiako Tabakaleran, aurtengo Abadia Saria, dagoeneko lau hamarkadaz euskarazko sorkuntzaren eta kulturaren alde egindako «lana eta ekarpen jori eta agortezina» aitortu asmoz.

«Asko eman diozu, ematen diozu, euskarari. Ematen diguzu euskal hiztunoi. 1980ko hamarkadan argitaratutako lehen disko haietatik abiatuz, kantagintzaren eta rockaren soro zabalean, eman dizkiozu makina bat abesti eta hitz euskarari. Eta, horrekin batera, euskal kantagintza eremu berrietara eraman duzu, rocka nahiz kantu tradizionala uztartuz, nazioarteko nahiz hemengo musikariekin elkar hartuz, literatura eta artearekiko zubiak landuz. Askatasunez, sorkuntza prozesua eta hizkuntza bera, beti-beti, zainduz eta aberastuz», adierazi du Eider Mendozak, Prisma aretoan elkartu den euskagintzako eta euskal kulturgintzako ordezkaritza zabalaren aurrean.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak gogorarazi du Anton Abadiak zer nolako pisua eman zion kulturari, «hizkuntza bizirik mantentzeko» XIX. mendean hasitako ahalegin aitzindarian. «Abadiak josten asmatu zuen sokaren gaur egungo muturrean leku berezia» du Ruper Ordorikak, Mendozaren iritziz.

Izan ere, gaineratu duenez, musikaren bitartez, «iturri anitzetatik edanez, euskal kantagintza muga berrietara zabaldu du eta, horrela, unibertso propio bat sortu du, euskaratik eta euskaraz».

«Mugarriz mugarri abian jarraitzen duen ibilbide horri esker, sormen eta kultur erreferentzia aberatsak, ordezkaezinak, eskaini dizkio euskal hizkuntzari eta kulturari, euskararen herriari berari» gehitu du.

«Sorkuntzaren indarra lehen mailara»

Mendozaren esanetan, azken hamarkadetako emaitza positiboen ondoren, euskararen biziberritzean «atzerapausorik bizi ez dezagun», asmatu beharrean gaude «erabileran eragiten».

«Bidegurutze horretan koordenatu berriak markatu beharko ditugu, elkarlanean eta modu partekatuan. Eta horien artean kokatu behar dugu euskaraz sortutako kulturari eman beharreko bultzada», nabarmendu du, sorkuntza delako «hizkuntzaren errotari eragiten dion indarra».

«Sortzaileen hausporik gabe, hizkuntza bat bizi daitekeelako akaso bulegoetan eta ikasgeletan, baina nekez kale kantoietan, nonahiko pantailetan, taberna zuloetan edota gure seme-alaben ametsetan», iradoki du.

Diputatu nagusiaren eskutik jaso du Abadia Sariaren oroigarria –Iñigo Aristegui Telloren Zazpi Petaloak eskultura– Ruperrek.

Ondoren eskainitako hitzetan, ekitaldiaren «abagune bikaina» probestu nahi izan du «aurreko belaunaldiaren lana» goraipatzeko.

«Hein handian haiengandik jaso nuen barru barrutik mintzo zitzaidan mundu bat, nire musika gustuekin bat egin zezakeena», gogoratu du eta, gaineratu duenez, «izkutuan lortutako» diska haien bitartez, «euskal abeslari haiei esker emeki-emeki sartu nintzen kantutegi zaharrean eta gure jendearen berbetan eta doinuetan».

Lore Jokoak erreferentzia gisa hartuta, Ruper Ordorikak Anton Abadia bera hartu du gogoan, herri kulturaren garrantzia azpimarratzeko.

«Garbi zuen herri kulturak eta gurea bezalako hizkuntzak, laguntza antolatua behar dutela, kultura hegemonikoen eraketan gertatzen den bezala, mezenazgo bat, nahi baduzu», gogoeta egin du.

Euskarazko sorkuntzaren munduari begira jarrita, piramidearen oinarrian egon beharrean, «euskaraz sortu nahian duinki iraun ezinik dabilen egilea» piramidearen goiko bertizean kokatzen dela azaldu du.

«Sortzaileari behar duen lekua eman behar zaio herri honetan», gaineratu.

Ekitaldia amaitzeko, Ruperrek berak ‘Zaindu maite duzun hori’ eta ‘Izen zaharrak’ kantak eskaini dizkie bertaratu direnei, eszenatokian Xabi Etxeberri (biolina) eta Jose Cazaubon dantzaria lagun izan dituela, publikoan bertaratu diren guztien txalo zaparrada eraginez.