INFO

Burujabetza eta eraldaketa sozialaren alde lan egingo dute EH Bilduk eta EH Baik

Euskal Herria nazioa dela eta, gizarte justuago bat osatzeko, erabakitzeko eskubidea duela izango da EH Bildu eta EH Bairen lehentasuna, Arnaldo Otegik eta Mathilde Haryk ikasturte politikoa hasteko Donostian egindako agerraldian esan dutenez.

Arnaldo Otegi eta Mathilde Hary, Donostiako agerraldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lurralde zatiketaren ondorioz, errealitate desberdinak daude Euskal Herrian, baina horren gainetik nazio bat osatzen dute zazpi herrialdeek eta erronka komunak dituzte. Hori nabarmendu dute EH Bilduren koordinatzeile nagusi Arnaldo Otegik eta Mathilde Hary EH Bairen eledunak gaur ikasturte politikoari hasiera emateko Donostian egin duten agerraldian.

Burujabetza osoa helburu dute bi indarrek, gizarte justuagoa bat sortzearekin batera eta horretarako elkarlanean arituko dira.

Otegik nabarmendu duenez, ikasturte politiko honen hasierara ezkerreko independentistak hauteskundetan inoiz izan dituzten emaitzarik hoberenekin heldu dira. «Zazpi herrialdetan, lehen indar politikoa gara, euskal herritarren gero eta sostengu zabalgoa lortzen dugulako», esan du.

Gogoratu duenez, Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetan inoiz izan duten ordezkaritzarik zabalena dute, udaletan ordezkaritza zabala dute (Iruñeko gobernatzen dutelarik), Madrilen lan erabakikorra egiten ari dira, Parisen diputatua lortu dute eta Europan ere ordezkaritza dute.

Gauzak horrela, arduraz jokatuko dutela adierazi du Otegik. Izan ere, burujabetza eta eraldaketa sozialaren alde egiteko aukera dute, «beti ere jendearen esanetara».

Dena den, kontestua konplikatua dela onartu du Otegik. Eskuin muturrak gorakada bizitzen ari da Europan, bi estatuetan zein Euskal Herrian. Ezker abertzaleak eskuin muturrari harresia jarri diola gogoratu du eta hemendik aurrera ere agenda erreakzionarioa gelditzeko lanean segituko dutela gaineratu.

Lan instituzionala eta bultzada soziala

Haryk, bestalde, lan instituzionalaren garrantzia azpimarratu da, baina mobilizazioa eta bultzada sozialaren zabaltzea ezin direla ahaztu nabarmendu du. Gauzak horrela, «naziotasun aldarrikapena lau haizetara hedatzea lehentasuna izango dugu, herri gisa indar gehienak metatuz eta jendea aktibatuz».

Estatus politikoak aldatzeko aukerak Euskal Herriko hiru eremuetan zabalik den eztabaida dela esan du Haryk, aldarrikapen horrekin bat egiten duen gehiengo bat dela azpimarratuz. Horretarako, akordio zabal eta irekiak beharrezkoak direla esan du, bai alderdi politikoen artean zein eragileekin, Madrilen eta Parisen aurrean herri gisa aurkezteko.

Bide honetan, bi data esanguratsu dituzte bi formazioek. Alde batetik, EH Bilduk konferentzia politikoa egingo du irailaren 21ean Donostian. EH Baik, berriz, Batzar Nazionala egingo du azaroaren 23an.

Anduezari erantzuna

Kazetarien galderei erantzunez, EH Bildu Ortuzarrek proposatutako errondan parte hartzeko prest dagoela berretsi du Otegik. Gai honi buruz, Eneko Andueza PSEko buruak botatakoari buruz (inkestak lehenetsi behar direla hauteskundeen emaitzen gainetik), ideia «peregrinoa» dela esan du EH Bilduren koordinatzaile nagusiak.

«Gasteizko Parlamentuan 75 hautetsietatik 56k erabakitzeko eskubidearen alde daude? Nola egiten diote horri aurre? Modu oso peregrinoan, inkestena aipatuz. Ba osatu dezagun horrela Gobernua ere. Inkestek jendearen gehiengoa EAJ-EH Bildu Gobernua nahi dutela diote», esan du Otegik.

Kataluniako egoerari buruz ere galdetu diote. Atzoko Diadan aurreko urteetan baino jende gutxiago egon bazen ere, arazo politikoa ez dela desagertu nabarmendu du. «Aldarrikapena erreka bezala, batzuetan emari gehiago dute, besteetan gutxiago, baina beti dago emaria. Estatuan badago arazo nazional bat eta hori ez da desagertzen manifestazioetan jende gutxiago egoten bada ere», esan du.

Venezuelari buruz, Edmundo Gonzalezen alde Kongresuan EAJk PPrekin, Voxekin, UPNrekin eta CCrekin egin duela gogoratu du. «Guaidorekin gauza bera egin zuten. Venezuelako egoera Venezuelan konpondu behar da, elkarrizketaren bitartez, injerentziarik gabe eta herritarren iritzia errespetatuz», adierazi du.