INFO

Literaturaren aipuak, apunteak eta metaforak ‘Berbelitzen Hiztegia’n batu ditu Anjel Lertxundik

Fikzioa eta saiakera uztartuz, literatura unibertsaletik bildutako aipuak, apunteak eta metaforak 2004ko ‘Berbelitzenak’ lanarekin jaiotako Berbelitz itzultzailearen ahoan jarri ditu Anjel Lertxundik. Horrekin hiztegia sortu du, ‘Berbelitzen Hiztegia’, Alberdania etxearekin.

Anjel Lertxundi, ‘Berbelitzen Hiztegia’ besapean. (Jon URBE | FOKU)

‘Berbelitzen Hiztegia’, Anjel Lertxundi idazlearen azkeneko lana argia ikusi berri du. Autorearentzat eta editorearentzat generoa definitzea zaila bada ere, saiakera literarioa dela esan daiteke, literatura mota horretan murgilduta ibili baita azkenaldian idazle oriotarra.

Berbelitz da lan honen protagonista, eta bere itzultzaile lana, ardatz nagusia. 2004an jaio zen pertsonaia hau, ‘Berbelitzenak’ lanarekin, eta ‘berba’, ‘ele’ eta ‘hitz’ hitzen batasunari zor dio izena. Oraingoan, lagun duen idazle bati utzi dizkio bere lanetan pilatzen joan zaizkion apunteak eta honek hiztegi bat osatu du.

Donostiako Udal Liburutegian izan dira astelehen honetan Anjel Lertxundi, liburu honen editorea izan den Idoia Santamaria eta Aritz Galarraga editorea, liburuaren nondik norakoak partekatzeko.

Anjel Lertxundik laburbildu duenez, bere egunerokoan liburuak «zikinduz» literaturatik jasotzen dituen aipu, apunte eta metaforei forma emateko modu bat da liburu hau. Itzulpenaren papera garrantzisua da honetan, izan ere, «gaurko mundu globalizatuan hizkuntza jakin bateko literaturak asko jasotzen du beste hizkuntzetatik», dio Lertxundik.

Hori da Berbelitzen bokazioa, hain zuzen, obra literarioak itzuliz, hemengo obra literarioak eskaintzea euskarari. Apunteak erre ez erre dagoela, lagun idazle bati eskaintzen dizkio karpetak, zernahi egin dezan bertako apunteekin. Idazleak, karpetetako materiala begiratu ostean, interesgarriena jaso, eta lagunaren obsesio nagusien hiztegi bat —itzultzaile baten lanabes nagusia— osatuko du Berbelitzen hainbat testurekin.

Editore lanak egin baditu ere, itzultzailea da Idoia Santamaria, eta Lertxundiri itzulpengintzaren bueltan egindako lana eskertu dio. Lan honetarako, idazleak itzulpengintzaz idatzitakoak aztertzeaz arduratu da Santamaria, liburua banatzen dituen letraz letra, hiztegi bat bezala.

Liburu honen «meritu handia», Santamariarentzat, tradizioa eta modernitatea «inolako intentzio pedagogikorik gabe» nahastea da. Horrekin, irakurtzeko modu egokia literatura gida bat bezala hartuta da, «deskubrimendu izugarriak» egiten dira eta.

Jorge Gimenez Bech gogoan

Aritz Galarragak aipatu duenez, Anduren lan berri honen «pena bakarra» gaztelaniara nork itzuliko duen ez dagoela da, duela hilabete batzuk zendutako Jorge Gimenez Bech-en ohiko lana hori zen eta. Santamariak, bestalde, lan eskergagatik eta «pertsona gisa erakutsitako kategoriagatik» besarkada bidali dio.

Anjel Lertxundik Gimenez liburu honen hasieran, eskaintzan eta liburuan zehar presente dagoela nabarmendu du, baita berarekin diskutitutako liburu bat dela ere. «Ez dakit guztian obeditu dudan, baina saiatu naiz», esan du.