INFO

Valverde: «Sailkapenean jauzi txiki bat eman nahi dugu Leganesen zelaian»

Las Palmasen irabazi ostean, talde zuri-gorriak Europako postuetan kokatzeko aukera izango du Butarquen. Jauregizarrek ezin izango du jokatu zigorturik dagoelako, eta Yeray eta Unai Simon lesionaturik daude. Hamaikakoan aldaketak egingo dituela aurreratu du entrenatzaileak.

Valverde aginduak ematen Las Palmasen kontrako azken partidan. (Sabrina Ceballos Sánchez | LA OTRA FOTO)

Athleticek Leganesen zelaian jokatuko du ostegun iluntzean -arratsaldeko 19.00etatik aurrera, hain zuzen ere-. Zuri-gorrien helburua puntuen zakua handitzea izango da, Ligako sailkapenaren goiko tokietan sartzeko. Izan ere, aurreratutako jardunaldia da, eta garaipenarekin Europako postuetan kokatuko lirateke. Sailkapenean «jauzi txiki bat» eman nahi dutela aitortu du Ernesto Valverdek Lezaman egin duen agerraldian.

Azken jardunaldian Las Palmasen irabazita, zazpi punturekin dago Athletic beste bost talderekin berdinduta. Jon Uriarte presidenteak denboraldiaren hasieran nabarmendu zuenez, datorren urtean ere Europan jokatu nahi du talde zuri-gorriak.

Zigorturik dagoenez, Mikel Jauregizarrek ezin izango du jokatu Butarquen. Unai Simon eta Yeray, berriz, lesionaturik daude. Valverdek aurreratu duenez, aldaketaren bat egingo du hamaikakoan datozen asteetan partida ugari izango dituztelako jarraian.

Entrenatzaileak azpimarratu duenez, Sancet maila ona ematen ari da, baina uste du oraindik gehiago eman diezaiokeela erasoko jokoan zein defentsako lanetan.

Nafarrak hiru gol egin ditu dagoeneko. Iazko golegile nagusia izan zen Guruzetak, aldiz, ez du ate aurrean asmatu. Valverdek onartu du aurrelariek konfiantza hartzeko golak egitea beharrezkoa dutela.

Djaloren inguruan ere mintzatu da entrenatzaile zuri-gorria. Esan du datozen partidetan jokatzeko aukerak izango dituela. Hala ere, onartu du hamaikakoan sartzea ez duela erraz izango taldea ohituta baitago modu batera jokatzen beste futbolari batzuekin.

Nico Williams Las Palmasen sartutako gola ospatzen. (Sabrina CEBALLOS / LA OTRA FOTO)
Nico Williams Las Palmasen sartutako gola ospatzen. (Sabrina CEBALLOS / LA OTRA FOTO)

Gaineratu du Athleticentzat zelai «zaila» dela Butarque. Zuri-gorriek baten bakarrik irabazi baitute Leganesen etxean jokatu dituzten lau partidetan. Espero du lehia gogorra izango dela, eta azpimarratu du defentsa lanetan talde sendoa direla.

Borja Jimenez da Leganeseko entrenatzailea. Partida atarian nabarmendu duenez, Athletici «begietara begiratu» eta irabazten saiatuko dira. Azpimarratu du aurkari zaila izango dutela, gogora ekarriz Kopako txapeldunak direla eta iaz bosgarren postuan amaitu zutela. Era berean, esan du talde zuri-gorriak maila ona eman duela denboraldi hasieran, eta Bartzelona eta Atletico Madrilen aurka bakarrik galdu duela.

Leganesen teknikariak 39 urte besterik ez ditu, eta lehen denboraldia du Ligan. Maila igotzea lortu ostean, mantentzea da madrildarren helburua. Bost puntu lortu dituzte lehen bost jardunaldietan, eta Betisen aurka galdu zuten azken jardunaldian. Hamaikakoetan ohikoa den Neyou erdilari kamerundarrak ezin izango du jokatu giharretako lesio batengatik.

Athleticen eta Leganesen jokatutako Javi Erasok egingo du ohorezko sakea partida atarian. Azken denboraldian Amorebietan aritu ostean, erretiroa hartu du erdilari nafarrak.

Erromak De Rossi kargugabetu du

Athleticek datorren ostegunean Erroman jokatuko du Europa Leagueko lehen partida. Denboraldia hasi besterik egin ez den arren, Danielle De Rossi entrenatzailea kargugabetu du talde italiarrak. Jokalari eta kapitain ohia izandakoak hiru berdinketa lortu ditu ligako lehen jardunaldietan. Klubak argudiatu duenez, egoera zuzentzeko kaleratu dute.

Bestalde, Athleticek Vueling babeselearekin zeukan akordioa berriztu du eta hegazkin bat pertsonalizatuko du taldeko irudiarekin. Horrez gain, Pierre Alonzo hil da. Athleticen bigarren entrenatzailea izan zen Luis Fernandezen garaian. Txapeldunen Ligarako sailkapena lortu zuten 1998an talde zuri-gorriarekin, Liga bigarren postuan amaitu ostean.