INFO

Obraren eta naturaren arteko sinergia

‘CIENTO VOLANDO’
Euskal Herria, 2024. 100 minutu. Zuzendaria eta gidoia: Arantxa Aguirre Gidaria: Jone Laspiur. Argazkia: Gaizka Bourgeaud, Rafael Repáraz eta Carlos Arguiñano Ameztoy.

‘Ciento volando’. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Arantxa Aguirreren ‘Ciento Volando’ dokumentalak Eduardo Chillida eskultorearen ikuspegi nahiko berria erakusten du; bere gertukoak izan diren pertsonekin izandako elkarrizketak biltzen ditu, artistaren zein Hernaniko Chillida Leku museoaren irudiekin tartekatzen direnak. Jone Laspiur aktorea da kontakizunaren eta narrazioaren gidaria eta berak barneratuko gaitu artistaren mundu berezi eta lasai horretan. Laspiur aukeratu izana ez da ausazkoa; aktore eta kantaria izateaz gain, gradua egin du Arte Ederretan. Eskulturako espezialitatea ikasi zuen eta aita eskultorea du. Lan honetarako jaio zela dirudi. Ezin gidari hoberik eduki. Gainera begirada gaztea eskaintzen dio lanari.

Irudiek eta soinuek bete-betean murgiltzen gaituzte obraren eta naturaren arteko sinergia horretan, eta, era berean, eskultorearen berezko lasaitasun-egoerara eramaten gaituzte. Itsasoa eta Chillida Leku, Zabalaga baserria, dira filmak biltzen dituen lekukotasunen agertoki nagusiak.

Pertsona lasaia zen Eduardo Chillida eta hasieratik antzeman daiteke dokumentalaren helburuetako bat hori dela: erritmo patxadatsua erabiliz ikuslea kontenplaziozko egoera batean barneratzea. Geldiune bat hartu, eta paisaia, ingurunea edota eskulturak, inongo presarik gabe behatu beharko dituzu. Zentzu horretan erritmo bizia duen ikus-entzunezko entretenigarri baten bila bazabiltza, ‘Ciento Volando’ ez zaizu batere erakargarria irudituko; irudi azkarrek eta efimeroek etengabe bonbardatzen gaituzten garaiotan, lantzean behin eskertzen dira horrelakoak. Denboraren eta espazioaren kontzeptua asko aipatzen da lanean, garrantzitsua zen denbora Chillidarentzat. Lan honek entzutera, begiratzera “behartuko” gaitu.

Joaquin Montero, Mikel Chillida, Ixiar Iturzaeta, Nausica Sanchez, Jexuxmari Ormaetxea, Nausica Sanchez, Kosme de Barañano, Fernando Mikelarena, Koldobika Jauregi eta abar. Agertzen diren pertsonen iritziek artistaren izaerari buruzko kaleidoskopio moduko bat sortzen dute.

Argazki zuzendaritza lana bereziki nabarmena iruditu zait, irudi ederrak eta oso esanguratsuak ehizatu dituzte kamerekin. Egileak zeintzuk diren ikusi dudanean ulertu dut zergatia: Gaizka Bourgeaud, Rafael Reparaz eta Txarli Arguiñano, eskarmentu handiko hiru izen dira. Agertoki nagusia asko aldatzen ez den arren, urtaro ezberdinetan, eguneko ordu ezberdinetan eta argi ezberdinekin grabatu izanak zerbait bizia eta oso organikoa eransten die irudiei. Naturaren hotsekin eta, oro har soinuekin, egindako lanketa ere oso aipagarria da.

Espero zitekeen moduan Jone Laspiurrek, amaieran, Donostiako Haizearen orrazira garamatza. Itsasoarekin eta haizearekin etengabeko elkarrizketan dauden hiru eskultura horien irudiak Chillidaren aipu batekin uztartzen dira, eskultorearen izaera ezin hobeto adierazten duten hitzak dira: «Nire eskulturak biluzik eta isilik daude, ez dutelako arreta erakarri nahi, ezezagunean barneratu baizik. Gizakiak bere burua bukatutzat jotzen ez duela frogatzea, beti gauza berriak egin ditzakeela frogatzea».