INFO

‘Cara al Sol’ Herrikoetan, putetxeak... Bizkarzaintzaren inguruko alde ilunak azaleratu dituzte

ETAk jarduera armatua utzi zuenetik hamahiru urte pasata, bizkartzainen eta hauek babesten dituzten ordezkari politikoen zenbait gehiegikeria argitara atera ditu ‘Salvados’ saioak La Sexta telebista kate espainiarrean. Ultraeskuineko txiolariak sutan dira.

‘Salvados’ saioak erabilitako irudi bat, Herriko Tabernetan zenbaitek sortutako liskarren harira. (La Sexta)

ETAren ekintza armatuaren aurrean, milaka eta milaka bizkartzain Euskal Herrian egon ziren lanean hiru hamarkadatan zehar bereziki. Horien errealitatea aztertu da igande honetan pantailaratu den ‘Salvados’ saioan, Jordi Evole kazetariak zuzendua. Eta orokorrean lana gorapaitua izan bada ere, zenbait gehiegikeria ere ez da ezkutatu.

Estatu mailan harridura azaldu da, nonbait, bizkartzain hauetako batzuek babesten zituzten agintari politikoen jokabide okerrak salatu dituztelako. Batek esan duenez, baten batek probokazioak egiten zituen Herriko Tabernan, liskar haietatik bizkartzainak libratuko zituelakoan. Eta beste zenbaitek ETAren atentatuak politikoki mesedegarriak zitzaizkiela adierazten zuen, bizkartzainaren haserrea sortuz.

 

Txofer modura erabiltzen zituztela salatu du batek baino gehiagok, Madriletik Euskal Herrirako bidaiak ordu txikietan egiteko. Hemen zuzenki Voxeko agintari nagusia den Santiago Abascali seinalatu diote izena aipatu gabe, «Laudion zinegotzi eta gero Arabako Batzar Nagusietan batzarkide» izan zen eta.

Auto gidari gisa, putetxeetara edota «jai kañero»etara eramaten zituztela babestutako pertsonak jakinarazi du bizkartzain batek, testinguru honetan.

Bestalde, segurtasuna bermatu behar zutenen jokabidea ere ez zela batere egokia aitortu dute parte-hartzaile batzuek saioan. Gehienak eskuindarrak edo ultraeskuindarrak zirela baieztatu dute. Baten batek «euskaldun puta hauek, guztiak hil beharko genituzke», esaten zuen. Alkohola eta beste zenbait drogaren kontsumoa ere argitara atera da dokumentalean.

 

 

Hala ere, bizkartzain hauek orokorrean eginiko lana ezinbestekoa izan zela ere nabarmendu da saioan. Gorka Landaburu kazetariak ziurtatu du «beraiei esker gaudela bizirik gutako asko». Eta omenaldi bat merezi dutela uste du.

 

Zalaparta eragin du ‘Salvados’ saioak sare sozialetan. Evoleren aurka jo dute askok, bai eta aurkezle eta elkarrizketatzaile lanean ibili den Fernando Gonzalez ‘Gonzo’ren kontra ere.