INFO

Este navegador no soporta el elemento video.

«Herri guztiak dena eman zuen garbitzen laguntzeko, horrekin geratuko gara»

NAIZ Irratian izan da astelehen honetan Lezaungo alkatea, Mikel Etxebeste. Nabarmendu duenez, «herri guztiak dena eman zuen garbitzen laguntzeko» asteburuko uholdeen ostean. «Hori ere baloratu behar da eta horrekin geratuko gara», gaineratu du. Oraindik lana egiteke dagoela argitu du.

Este navegador no soporta el elemento audio.


Asteburuko ekaitzak Lizarraldean eragindako uholdeak Auza eta Lezaun herrietako kaleak urez bete zituen. Azken honetan bi kaleetara iritsi zen ura eta etxeak kaltetu eta mendi-bideak hondatu ditu. «Gehienbat» normaltasunera bueltatu badira ere, oraindik badago lana garbitzen jarraitzeko.

Hala adierazi du astelehen honetan Mikel Etxebeste Lezaungo alkateak NAIZ Irratian eskainitako elkarrizketan. Azpimarratu duenez, hasieran «etsigarria» izan zen kalteak ikustea eta ezer ezin egitea, baina laster «herri guztiak dena eman zuen» kaleak garbitzeko. «Hori ere baloratu behar da eta horrekin geratuko gara», nabarmendu du Etxebestek.

Azaldu duenez, larunbar arratsaldean ez zuen euri asko egin herrian, baina oso gertu dagoen mendian hiru orduan 140 litro baino gehiago bota zituen. Ondorioz, bi arroiletako presa bana lehertu zirenean herrira satu zen ura, bi kaletara.

Igandean herri guztia aritu zen garbitzen; bereziki etxeetako altzariak eta arropak kaltetu zituen urak. Kaleak garbitzen hasi ziren eta gero etxeetan laguntzen jarri ziren. Hala ere, oraindik ere «zeregina badago», dio Mikel Etxebestek. «Ematen du garbi dagoela baina lehortzen denean berriz irtetzen da lokatza.

Orain, Udala kalteak baloratzen ari da eta etxe eta lursailetako jabeek aseguru-etxeetara jo dute dagoeneko.

Mendi-bide batean 500 metro desagertu eta ikuilu baten sarrera bat erori badira ere, abereak ez dira zauritu. Etxebesteren ustez, beraiek «gu baino lehenago ikusten dituzte gauzak» eta «momentu bateko gauza bat izan zenez» ez zen kalterik egon.

«Mendian dauden behi eta ardiak arroilan egon beharrean tontorrean zeuden, beraz, euria jasan eta ondo pasa zuten egoera», azaldu du alkateak NAIZ Irratiko uhinetan.