INFO

Noa abeslari israeldarra «ongi etorria ez dela» aldarrikatu dute Bilbon

Gazako sarraski betean «ordezkari sionistei ahotsa ematea gizatasun eta errespetu falta handia» dela azpimarratu dute Noa Bilbora gonbidatu izanaren aurka Guggenheim museoaren atarian protesta egin dutenek.

Noa Bilbora gonbidatu izana salatzeko elkarretaratzea. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Israeli Boikota, Desbinbertsioak eta Zigorrak kanpaina (BDS, ingelesez) bultatzen duen Bizkaiko nodoak deituta, mobilizazioa egin dute Guggenheim atarian, Fayr Saturdayk antolatutako eta Bilboko Udalak zein Aldundiak babestutako ekimen batean Noa abeslari israeldarraren presentzia gaitzesteko.

«Sionismo genozida. Boikot Noa. Palestina aurrera!» zioen pankarta baten atzean elkartu dira elkarretaratzean, bandera palestinarrak ere aireratuz. 

«Israel burutzen ari den genozidioaren testuinguruan, Gazan eta Zisjordanian ia 50.000 palestinar erail eta milioika desplazatu dituenean, ordezkari sionistei ahotsa ematea gizatasun eta errespetu falta handia iruditzen zaigu», adierazi dute antolatzaileek.

«Ez da kultura-ekitaldi soila»

Haien esanetan, Noa Bilbora ekartzea, «edo beste edozein ‘artista’ sionista Mendebaldera etortzea, ez da ‘kultura-ekitaldi’ soila».

Izan ere, nabarmendu dute «‘kultura-industria’ Israelen estrategia kolonialaren funtzesko tresna» dela, «sinonismoa maila globalean legitimatzea eta normalizatzea» helburu duena. «‘Artea’ eta ‘musika’ kultura-gerra zabalago baten armak» direla azpimarratu dute jarraian.

«Noa kolonizazioa normalizatzeko eta zuritzeko estrategia horren parte aktiboa da –gaineratu dute–, nahiz eta bere sionismoa ‘ahots kritiko’ etiketarekin mozorrotu».