Patronalak «behartuta», Nafarroako Enplegu Plana «edukirik gabe» geratuko dela dio LABek
LABek salatu duenez, Nafarroako Enplegu Plana «edukirik gabea» izango da, CEN patronalak UGT eta CCOO sindikatuak eta Gobernua «behartu» dituztelako soldata igoera eta lanaldiaren murrizketa negoziazioetatik kanpo uztera. Kanpaina abiatuko du, «langile guztientzat lan baldintza duinak eskatzeko».
LABek salatu duenez, Nafarroako enpresaburuek UGT eta CCOO sindikatuak eta Gobernua «behartu» egin dituzte soldata igoera eta lanaldiaren murrizketa hurrengo Enplegu Planaren negoziaziotik at gelditzera; hartara, ohartarazi du, akordioa «pisuzko edukirik gabe geldituko litzateke berriz ere».
Iruñean eskaini duen agerraldian, Imanol Karrera bozeramaileak nabarmendu du LABek «hilabeteak» daramatzala «Nafarroako gehiengo sozialaren egungo egoera hobetzeko aukera azpimarratzen, etorkizuneko erronka handien aurrean egiturazko aldaketak gauzatzeko anbizioa aldarrikatuz».
Salatu duenez, ordea, Nafarroako enpresariak «ez daude egoerak eskatzen duen mailan». «CEN patronalak soldaten igoeraren eta lanaldiaren murrizketaren gaiak Nafarroako Enplegu Planaren negoziaziotik kanpo uztera behartu ditu UGT eta CCOO sindikatuak zein Gobernua. Hala ere, udazkenean horren propagandarako ariketa eginen dute aipatutako eragileek», gaitzetsi du.
LABen iritziz, Nafarroako Gobernuak «huts eginen du uste badu egungo egoera hobetu daitekeela edukirik gabeko akordioekin, diru-laguntza batzuetara eta interes korporatiboetara mugatutako akordioekin».
«Murrizketak baztertzen ez diren testuinguru batean Gobernua, CEN, UGT eta CCOO eragileen arteko betiko argazkia zentzugabea eta mingarria izanen da herrialde honetako langileentzat. Nafarroako langileei ezertan mesede egiten ez diena. Are gehiago, dirua ez dagoenean zahar egoitzetako emakume langileentzat. Gobernuak ez dauka borondaterik patronalaren interesekin konfrontatzeko eta, hori egin ezean, ezin izanen zaio aipatutako arazoei benetako erantzunik eman», ohartarazi du.
Kanpaina eta mobilizazioa Burlatan
Karreraren arabera, «konfrontaziorik gabe ez dago sakoneko aldaketarik» eta, horregatik, Gobernua eta patronala interpelatzeko kanpaina abiatuko du LABek, langileen aldeko «neurri errealak» aldarrikatzeko. Hiru helburu nagusi izango ditu: 1.600 euroko gutxieneko soldata, 30 orduko lanaldia eta zerbitzu publikoak indartzea.
Horrekin batera, urriaren 10ean Burlatan mobilizazioa antolatu du, Iturrondo Enplegu Agentzia Integralaren aurrean, «Nafarroako langile guztientzako lan baldintza duinak eskatzeko».
«Euskal Herrian, Nafarroan, langileen aldeko erabakiak hartzeko presio egitera goaz. Langileen alde, eta hemen erabaki nahi dugu, badagoen erabaki ahalmena erabiliz nahiz erabaki ahalmen hori handituz», nabarmendu du Karrerak.