Egiari Zor Fundazioak «birbiktimizaziotzat» jo ditu Guardia Zibilaren erakustaldiak
Guardia Zibila Euskal Herriko hiriburuetan erakustaldiak egiten egongo dela-eta, kritiko agertu da Egiari Zor Fundazioa. Estatuaren indarkeriaren biktima direnak «birbiktimizatzea» dela uste dute, haien «biktimario nagusia» baita Guardia Zibila.
Maria Jesus San José Lakuako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak egindako adierazpen batzuen aurrean kritiko agertu da Egiari Zor Fundazioa, «diskriminazioa» salatuz. Halaber, Euskal Herriko plazetan dabilela-eta, Estatuaren indarkeriaren biktimak «birbiktimizatzen» ari direla adierazi dute.
San Josek Lakuako Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordean egin zituen adierazpenok. «Ez da etikoki onargarria biktimarioen irudiak eta horiek ordezkatzen dituzten ikurrek espazio publikoa hartzea», adierazi zuen, preso politikoen irudiei erreferentzia eginez. Horrela, «egindako krimenak eta hauen egileak ez goraipatzea» galdegin zuen, «jarrera pasibo bat» mantendu ordez.
Diskriminatzaileak iruditu zaizkio Egiari Zor Fundazioari adierazpen horiek eta are gehiago kontuan hartuta «Euskal Herrian giza eskubideen milaka urraketaren arduradun materiala den Guardia Zibila», euskal hiriburuetako plazetan erakustaldiak egiten ari dela. «Birbiktimizazioa» xede duen jokabidea iruditzen zaie.
Izan ere, azpimarratu dutenez, Guardia Zibila «oraindik herrialde honetan egindako kaltea bere gain hartu ez» duen «biktimario nagusietako» bat da eta armamentuaren eta istiluen aurkako materialaren erakustaldiak egingo ditu plaza publikoetan. Halaber, salatu dute umeei zuzendutako erakusketak direla, Guardia Zibilak dei egin dielako parte hartzera, material horrekin interaktuatu dezaten.
«Zuriketa operazioa» dela argi ikusten dute eta gaineratu dutenez, «indarkeriaren biktima izan ginenontzat instituzioen aldetik inoiz ez bezalako erasoa da hau».
Pilar Garaialde, Gogoratik kanpo
Aste gorabeheratsua izan dute Estatuaren indarkeriaren biktimek. Izan ere, asteon eman dute jakitera Pilar Garaialde Triple Aren biktima baten alaba Gogora Institutuko zuzendaritzatik kanpo utzi dutela EAJk eta PSEk. Horrela, institutuaren zuzendaritzan ez da Estatuaren indarkeriaren biktimen ordezkaririk izango.