‘Hard Truths’, familia rolen eta botere harremanen kaiola
Lehertzeko zorian dagoen emakume baten erretratu sakona egiten du Mike Leighek Sail Ofizialaren barruan aurkeztu duen ‘Hard Truths’ filmean. Mariane Jean-Baptistek bikain antzeztutako pertsonaia honen bidez, familia rolen eta botere harremanen kaiola hausteko zailtasunez mintzatzen zaigu.
Emakume nekatu bat, munduarekin haserre dagoena aurkezten digu Mike Leighek ‘Hard Truths’ filmean. Lehen planotik zaunkaka adituko dugu Pansy (Mariane Jean-Baptistek bikain antzeztua), defentsa bezala erasoa erabilita, bere mina kudeatzeko ezgauza eta bakardadean murgilduta. Muturrera iritsi den emakumea da, immobilismoan gotortutako senarra eta semea alboan dituela, eta helduleku bakarra bere ahizpa, antza egoera irakurtzeko gai den bakarra, duela.
Panorama honetatik abiatuta, Leighek ikuspegia zabaldu eta familia rolak, botere harremanak eta isiluneek ezkutatzen dutena erakutsiko dizkigu disimulurik gabe, Pansyren unibertso intimoan sakontzen duen bitartean, denak eztanda egiten duen arte... edo ez. Hori ikusleak interpretatu beharko du.
Lehen emanaldiaren osteko prentsaurrekoan, Jean-Baptiste izan da protagonista nagusia. Izan ere, Pansy den errusiar mendi emozionalaren barruan sartuta antzezpen bikaina egiten du eta prentsa aretoan bera izan da begirada guztien jomuga. «Mariane antzezle ona izateaz gainera oso ona da pertsonaiak eraikitzen, grina handiz egiten du lan eta benetako atsegina eta pribilegioa izan da abentura honetan halako antzezleekin sartu izana, gerora hori ikusi egiten da pantailan», nabarmendu du Leighek.
Zuzendariak ohi duen moduan, gidoirik gabe eta taldelanean sortzen denetik abiatuta eraiki dute filma, eta lan egiteko modu hori eskertu egin du Jean-Baptistek. «Denbora asko eman genuen entseatzen, hutsetik hasita joan ginen pertsonaia eraikitzen», kontatu du, eta filmean ikusten ez den arren (aipamen labur bat egiten zaio) Pansyren haurtzaro konplexua ere landu zuten pertsonaiari behar zuen kolorea emateko. Hortik, haserretzen denean ingurukoei ematen dien tratu txar berbala, baina baita bere isilune ordainezinak ere: «Ez nago ziur [filmatzean] erabat konziente nintzen isiltasun horietaz. Zu pertsonaian sartuta zaude, erantzuten ari zara erantzun behar diozun horri. Uste dut Pansy dela dena edo ezer ere ez, hau da, hizketan ari denean ez da isiltzen eta gogoeta egiten duenean oso isilik geratzen da», azaldu du antzezleak.
Leighen iritziz, filmearen alderdi garrantzitsuena «errealitate organiko bat» sortzeko izan duten gaitasuna da. «Hitz egiten ari da, isiluneak daude, etenaldiak eta ekintza asko... baina dena da errealitate jarraitu bat, gertatzen ari dena da pantailan agertzen dena», zehaztu du.
Hau ez da zinemagileak eta antzezleak egiten duten lehen lana. Orain hogei urte ‘Secrets and Lies’ filmak elkartu zituen, hura ere familian komunikatzeko zailtasunekin lotua. «Gerra garaian jaio nintzen, 50eko hamarkadan hazi nintzen eta ezagutu nuen mundu horretan oso komunikazio gutxi zegoen familiaren barruan, horregatik egiten ditut film hauek», ondorioztatu du Leighek, baina gaiaren gaurkotasuna ere nabarmendu du, filmean «egoera unibertsala» irudikatzen dela uste baitu: «Egun internet dugu, haurrak pantailari lotuta, eta Mosesek [Pansyren semea] agian bizi du hori, baina komunikazio arazoak ez dira soilik gaurkoak», ebatzi du.
Komediatik dramara, edo alderantziz
Filmak bi zati nabari ditu. Lehenean Pansy sumindu eta leherkorrena aurkezten zaigu, eta bigarrenean haserre edo depresio horren jatorrira garamatza zuzendariak; lehen zatiak komediatik duen beste du bigarrenak dramatik. Horregatik galdetuta, «bizitza komedia bat da», esan du Leighek, «irrigarria, erridikulua. Tristea eta dibertigarria. Beraz, jendeak [Pansyren leherketekin] barre egiten badu ondo dago. Gero irribarrea desagertuz doa pixkanaka, baina filmak erreala izaten jarraitzen du, eta hori da jarrantzitsua. Ikusleak harreman bat sortzen du filmarekin. Ze, altxa dezaka eskua hileta batean barre egin ez duenak...».
Pansy pertsonaia nagusia bada ere, Leighek ez ditu bazterrean uzten bigarren mailako pertsonaiak. Pansyren senarra, semea, ahizpa eta honen bi alabek... pertsonaia guztiek dute euren protagonismoa uneren batean, euren bizitza pribatua nola den erakustarazten diguna. «Alferrikakoa eta ziurrenik ezinezkoa izango litzateke azterlan esanguratsu bat egitea Pansyren inguruan eta hiru dimentsiotan bere pertsonaiaren gaineko xehetasunak bakarrik ematen badituzu: azaleko pertsonaia bat litzateke, eta nik ezingo nuke horrela lan egin. Kaletik paseatzen nabilela hamar filme otzen zaizkit, [filmean] aparkalekuko gizona ere erotu egiten da autoa aparkatu nahi duelako eta esaten du bere eskola aparkaleku horretan zegoela. Gizartearen gaineko film bat da hau, eta pertsonaia guztietan jarri behar da arreta sakontasun jakin batekin», amaitu du.