INFO

Bidaia emozional eta katartiko txundigarria

YO, ADICTO
Estatu espainiarra, 2024. 6 atal. Zuzendariak: Aitor Gabilondo, Javier Giner, Elena Trape. Gidoilariak: Javier Giner, Alba Carballal, Aitor Gabilondo, Jorge Gil Munarriz. Aktoreak: Oriol Pla, Nora Navas, Ramon Barea, Marina Salas, Itziar Lazkano. Musika: Nico Casal. Argazkia: Diego Dussuel

‘Yo, adicto’ telesailaren irudia. (ZINEMALDIA)

‘Yo, adicto’ Javier Ginerrek idatzitako izen bereko liburu arrakastatsuaren egokitzapena da. Egilearen benetako gainditze istorioa azaltzen du; hainbat urte eman zituen alkoholarekiko, drogekiko eta sexuarekiko adikzioaren espiral autosuntsitzailean murgilduta. Ginerren errehabilitazio prozesua eta drogekiko mendekotasuna gainditzeko borroka ditu ardatz telesailak, baina testigantza pertsonal arrunta izateaz harago, adikzioaren izaeraren azterketa sakona eta latza egiten du. Zur eta lur utzi nau, paregabea da.

Oso ausarta izan behar da norberaren miseriarik handienak, zauririk sakonenak eta sekreturik aitorrezinenak, modu hain zintzo eta basatian azaltzeko, eta Ginerrek hala egiten du; estigmaz inguratuta egon ohi den arazo bat desmitifikatzeko eta gizatiartzeko erakusten duen adorea itzela iruditu zait. Sei atalez osaturiko lan txundigarria eta zintzoa osatu du eta mendekotasunaren gai ilun –eta askotan ulertezinari– modu ausart eta gordinean heltzen dio.

Adikzioaren inguruan egon ohi den ikuspegi sinplista eta moralistarekin ere zeharo hausten du; borondate arazo bat soilik ez dela erakusteaz gain, laguntza, ulermena eta tratamendu profesionala eskatzen duen gaixotasuna baita. Modu gordin eta gardenean azaltzen du guztia, eta horrek gure pertzepzio eta aurreiritzien inguruan hausnartzera gonbidatzen gaitu.

Egitura narratiboa, eta gidoia oro har, telesailaren alderdirik sendoenetakoak dira. Maisuki egituratuta dago guztia, protagonistaren une intimo zein emozionalak drogamenpekotasunaren ondorio sozial eta psikologikoei buruzko azterketa zabalagoekin ezin hobeto orekatu dituzte.

Oriol Pla aktoreak egiten duen lana aldiz, ikaragarria da, deskribaezina; bidaia emozional eta katartiko harrigarria den hau bere eskutik egingo dugu. Barrea, negarra, haserrea... emozioen zurrunbilo batean sartu eta erraietatik irtendako antzezpena egiten du. «Pailazoa, gogaikarria eta histrionikoa naiz, harroa, ahoberoa eta friboloa. Nondik hasten da norberaren bizitzaren erretratua?» Protagonistaren beraren off ahotsaren bidez murgilduko gara istorioan. Gainerako aktoreak ere itzel daude: nortasun propioa duten pertsonaien koreografia oso berezia eta zehatza konposatu dute. Dibertigarriak eta tristeak direnak aldi berean.

Iluntasunetik argira doan tunel batetik eramango zaituen proposamena da eta miseria intimoak (eta kolektiboak) modu basati bezain zintzoan azaleratzen ditu.

Arrasto ezabaezina uzten duen ekoizpen bikaina da.