INFO
Entrevista
Imanol Ansa
Oriamendiko erremontista

«Ikusten dut joera bat garai bateko pilotariak gehiago famatzekoa eta ez nago ados»

Kirol kolpe handi batekin hasi zuen gorriz jokatutako lehen Buruz Buruko txapelketa  –Urrizak 30-9 irabazi zion–, baina iazko sentsazio onak oraindik berreskuratu ez dituen arren, urnietarra finalera heldu da berriz eta txapela errepikatzeko irrikaz ageri da.

Imanol Ansa. (Maialen ANDRES/FOKU)

Txapelketa ez da erraza izan baina finalean zara berriz.

Bai, gogorra izan da ze bidean pilotakada batzuk eraman ditut, emaitza kaxkar xamar bat ere bai, momentu bereziki txarra izan zen Juanenaren aurka 17-12 galtzen joan nintzenean, aurretik minus bat eginda nengoen eta momentu kritiko xamarra pasa nuen, baina nolabait buelta eman genion eta gustura.

Lehen urtea zenuen, gorriz jokatzearen presiorik nabaritu duzu, edo beste zerbait izan da?

Egia esan ez dut presio hori nabaritu, hasieratik esan nuen ni ez nintzela ezer defendatzen ari, iazkoa joanda zegoela eta aurten txapelketa berria zela, denentzat berdin, eta alde horretatik presiorik ez dut sumatu. Baina bai esaten dizudala lehen partida horretan Urrizak  halako pasada emanda eta geroztik hiru pilotakada hartu nituen eta batek lesio pixka bat eragin zidan eta azkenerako horrek ere joko mailari eragin zion eta hori izan da arrazoia.

Horiek denak pasata finalera heltzeak ere esan nahi du zerbait.

Bai, dudarik gabe, igual jokoz horren ondo ez zeudenean eta hala ere helburu nagusia betetzen duzunean, horrek ere konfiantza ematen du, dudarik gabe. Gero ere, txapelketa honetan nahiz emaitzak txarrak izan eta nire jokorik onena ez atera, konfiantzari eutsi izanak asko esan nahi du niretzat, pixkanaka heltzen ari naizela. Lehenagotik jokatu izanaren esperientziak lasaitasun bat ematen dizu eta konfiantzarekin heltzen naiz  eta oso pozik.

«Ez dut gorriz jantzita jokatu izanaren presio hori nabaritu, hasieratik esan nuen ni ez nintzela ezer defendatzen ari, iazkoa joanda zegoela eta aurten txapelketa berria zela, denentzat berdin»

Helburu nagusia aipatu duzu, finalera heltzea zen?

Bueno, nik Buruz Burukoan beti bi helburu jartzen ditut, lehenengoa beti izaten da laugarren postu hori ekiditea ze, azken finean, hurrengo urtean ligaxkan egongo zarela esan nahi du eta ikaragarri balio du. Kasu honetan, Urrizaren aurka galdu nuen lehen partida hori aurre-kanporaketan izan bazan, kanpoan egongo nintzen. Eta hortik aurrera, behin finalerdietan sartuta, finala izaten da helburua, aurten biak beteta, berriz ere finalean egon nahi nuen eta oso gustura.

Final berezia gainera.

Esan dut buruz buruko guztiak direla final bereziak, urte batzuetan osagai batzuk egoten dira eta bestetan besteak. Aurten gehien motibatzen nauena da, azken bi urteetan Endikak bere mailarik onena eman ez duen arren, aurten errekuperatu egin duela punta-puntako maila hori, ikusten dugu gainera ze motibatua dagoen eta niretzat, hain fuerte dagoen pilotari bati txapela irabazteak pisua hartuko luke, ikaragarri motibatzen nau.

Aurkaria auzo-herrikoa, zure maisua izana pilota eskolan...

Nik pertsonalki ez du inoiz pikerik izan hernaniarrekin. Gero ere, Endikarekin ere hainbeste ez ginen egon, aurretik Igor Sarasua egon zen urte askoan eta gero azken urtean Endikarekin egon ginen eta maisu izan zen baina, batera jokatzea ere askotan tokatu zaigu, ni hasi nintzenean bera beteranoagoa, eta elkar asko ezagutzen dugu bai.

Aurtengoa aspaldiko txapelkatarik orekatuena izan da?

Nik esango nuke, Urrizaren aginte absolutu hori amaitu zenetik, duela hiru urte edo, txapela irabazteko aukera beste pilotarioi zabaldu  zitzaigula eta azken hiruretan ez da egon dominatzaile garbi bat, ikusten zen edonork edonori irabazteko aukera zegoela eta aurtengoa ere halaxe izan da.

Endikak aipatzen zidan defentsan garai batekoak baino hobeak zaretela oraingo pilotariak.

Ba nik gustura esango dut ikusten dudala joera bat, publikoan bereziki, garai bateko pilotariak gehiago  famatzekoa eta ez nago ados. Ni oso zalea naiz  erremontearen historia jarraitzekoa, eta nirekin batera Juanenea ere bai, eta ikusi izan ditugu garai bateko partidak eta nik,  inondik inora, ez dut gutxiesten haiek jokatzen zutena, baina bai iruditzen zaidala gaur egun maila gutxiago dagoela esteko joera hori dagoela eta ez nago ados.

Azkenean, aldatu ere egin da jokamoldea. Duela gutxi Patxi Zeberiorekin bazkaltzen aritu nintzen eta berak azalduta ondo ulertu nuen; pilotek orain altura gehiago hartzen dute eta orain bote lasterrak eta zailagoak dira, defentsako meritua igo zaigu, zailtasuna handiagoa da. Aparte, nik uste gehiago landu dugula aurrelariek errebotea eta sakea eta atzelariek aurreko jokoa. Lehenago aurrelaria zena oso aurrelaria zen eta atzelaria oso atzelaria eta esandako aldaketa horrekin esango nuke maila jaitsi behintzat ez dela egin eta hor bagaudela bost pilotari punta-puntako erremontea eskaintzen dugunak eta hori balorean jarri nahiko nuke nik.

Jokatu izan dituzu txapalketa batzuk atzelari eta horrek ere lagunduko du.

Bai, niri ikaragarri lagundu dit. Bi urte dira hori jokatzen hasi ginela, lehen urtean zailtasun handiak izan nituen, azkenean postura ere aldatu egiten da, aurrean beti besoa kakotuago doa, atzean luzatuagoa, eta horrek ere pilotari konpletagoa  egin nauela ni eta  Endikaren kasuan, aurrean jokatzean gauza bera. Beste alde batetik, laguntzen dizu bikotearekin enpatizatzen, beste postuan jokatzen duena hobeto ulertzen.

Urrizaren aurkako finalerdian sakean zerbait aldatu izana aipatu zenuen, sekreturen bat baduzu.

Sekretua baino gehiago, izan zen Julen –Loitegi– botileroa konturatu zela zerbait desberdina egiten ari nintzela egiten. Ez  dugu erremontea edo ezer berririk asmatu, baina bai lehen ondo egiten nituen gauzak ez nintzela behar bela egiten ari. Horrekin ez dut esan nahi finalean ikaragarri sakatuko dudanik baina bai finalerdi horretako klabeetako bat izan zela eta hori gabe zaila izango zen Urrizari irabaztea.

«Ez dugu erremontea edo ezer berririk asmatu, baina bai lehen ondo giten nituen gauzak ez nintzela behar bezala egiten ari. Horrekin ez dut esan nahi finalean ikaragarri sakatuko dudanik»

Buruz buru sakea beti da partidaren ehuneko handi bat.

Banaka, esango nizuke partidaren %50a dela. Lehen esan dizut bost pilotari bagaudela goi mailako erremontea eskaintzen dugunak eta esango nuke bost horietatik atzera, askotan sakea izateak kaltea egiten diola pilotari askori. Eskupilotan esaterako, lautik sakatzen dute eta frontisetik gertu, denak moldatzen dira sakean, baina erremontean hamabi eta erditik atera behar da eta ginera lauan behar den lekuan gurutzatu. Hain zaila izanda, askotan askotan mesede baino, kalte egiten duela ez bazara puntako sakatzailea. Nahiz eta tantoa ez egin, bigarren pilotakada aurpegiz datorkizu eta gaizki aterata tantoa defendatzen hasi behar. Ez da bakarrik zenbait tanto egiten dituzun zuzenean baizik eta nola hasten duzun piloteoa, erasoan edo defendaten eta partidaren erdia sakea izaten da.

Fisikoa ere izan daiteke gakoa.

Hori izan daiteke bigaren gakoa, fisikoa. Azkenean partida hasieran ez da hain erabakigarria izaten, baina hain modalitate gogorra izanda, amaierara ondo heltzen denak konfiantza ere mantendu egiten du. Ni ondo prestatuta nago, baina egunak izaten dira. Urrizaren aurka oso ondo errekuperatu nuen, baina pasa izan zait beste aldera era bai, ondo prestatuta egon eta ezin buelta eman aritzea. Fisikoki prestatuta nagoela dudarik ez, baina beldur hori izaten da zer moduzko eguna tokatuko zaizun, espero ona izatea. Elikadura eta atseden aldetik dena jarriko dut eta ea ondo irteten den.

Urnietan jaietan egon arren.

Alde batetik pena, baina gero ospatzeko aukera ederra ere bai. Lagunak etorriko dira finalera, baina ezin sanmigelak lagunekin erabat gozatu. larunbatean, galdu edo irabazi, parranda koxkor bat egingo dugu, nik uste merezi dugula eta. Bi hilabete daramatzagu lehiatzen eta ondo etorriko da.

Aurtengo txapelketa luzatu egin da?

Bai, aurtengoa aurrekoak baino luzeagoa izan da eta hori jende askok ezagutzen ez duen zerbait da. Ez da bakarrik partidetan egotea, ez duzu gaixo jarri nahi, ez duzu minik hartu nahi, ez katarrotik hartu nahi... 24 orduz zaintzen ari zara ezer arrarorik ez gertatzeko eta azkenean horrek ere desgaste bat eragiten du. Hain txapelketa luzea eta aparte ligaxka formatu horrekin partida asko dira eta paliza dezentekoa izaten da, bai.