INFO

Imanol Ansa, Buruz Buruko txapeldun bigarren urtez jarraian

Urnietarra 16-23 galtzen joan da baina azkenean 30-26 menderatu du Endika Barrenetxea.

Imanol Ansa, txapela jantzita garaipena ospatzen. (FOKU)

Imanol Ansak bigarren urtez jarraian jantzi du erremonteko Buruz Buruko txapela, Galarretako finalean Endika Barrenetxea 30-26 menderatu ostean. Urnietarra 16-23 galtzen joan da, baina azken txanpan egoera irauli eta bera izan da garaile.

Ez da final ona izan. Bi pilotariak beren joko maila onenetik urrun geratu dira eta partidak ez du lortu inoiz benetan lehertzea. Hori bai, markagailuan emozioa eta gora-beherak izan direnez, Galarretara gerturatu diren zaleek apur bat gozatu ahal izan dute.

Imanol Ansa izan da finaleko lehen tantoetan nagusitu dena. Bere joko biziarekin, Barrenetxea lekua aurkitu ezinik utzi du eta markagailuan bost tantoko aldea hartu du: 8-3.

Apurka-apurka, ordea, Endika jokoan sartzen joan da, eta ohikoa duenez, sakearekin min egiten hasi da. Jokoaren ekimena hernaniarrak hartu ahala, urnietarra izan da deseroso aritu dena. Errestoan ez da gaizki aritu Ansa, baina tantoak urdin erortzen joan dira. Markagailuan alderik handiena 16-23koan hartu du atzelariak eta bazirudien finala apurtuta zegoela.

Baina Imanol Ansa berpiztu egin da azken txanpan. Bere burua estu eta larri ikusita, martxa bat gehiago sartu du bere jokoan, sakearekin ere gehixeago asmatzen hasi da, eta arriskatu behar izan duenetan asko asmatu du. Partziala 14-3koa izan da eta urnietarrak merezita jantzi du urteko txapel preziatuena.

«Txapela jantzita sufrimendu guztiek zentzua hartzen dute, baina esana nuen bideaz gozatzea dela garrantzitsuena, hori gabe honek ez duela zentzurik. Irabaztea baino, garaipena nire ingurukoekin ospatzeko aukera izateari ematen diot garrantzia», adierazi du txapeldunak.

Aipatu duenez, markagailuan atzetik joan arren finala ez omen du inoiz galduta ikusi. «Oso kontzentratuta nengoen eta ez dut pentsatu emaitza horretan. Tantoz tanto joateko prestatuta nengoen eta horretan saiatu naiz. Sakearekin asko sufritu dut, errestoan nahiko ongi erantzun dut... Uste dut ez dela final bete-betekoa izan, baina bakoitzak gureari eutsi diogu», gehitu du garaipena anaiari eta kuadrillako lagunei eskaini dien Ansak.

Endika Barrenetxeak, bere aldetik, kiroltasunez onartu du aurkariaren garaipena. «Gertu izan dut, baina horrek ez du ezertarako balio. Aurretik jarri naizenean Aritzi esan diot, ‘orain galtzeko ezer gabe jokatzen hasiko da’, eta halaxe izan da. Sakearekin gehiago asmatu du, arriskatu duenean dena irten zaio, eta ezin izan dut ezer egin».