Bortzirietako hizkuntz aniztasuna eta etorkinen euskararekiko jarrerak ikergai, Apezetxea bekan
Jon Martin Etxebeste, Paula Laita Pallares eta Ane Osua Cabidak astelehen honetan aurkeztu dute Pello Apezetxea beka jasota egin duten lanaren emaitza: Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko jarrerak aztertu dituzte. Pello Apezetxea Zubiri omentzeko beka iaz sortu zuten.
Jon Martin Etxebestek, Paula Laita Pallaresek eta Ane Osua Cabidak Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko jarrerak sakonki eta zorrotz aztertu dituzte 2023an jaso zuten Pello Apezetxea bekaren bultzadarekin. Astelehen honetan aurkeztu dute ikerlana, Iruñean.
2023an, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskaltzaindiak Pello Apezetxea Zubiri euskaltzale goizuetarra omentzeko lehen beka sortu zuten. Urte luzez Etxalarko apaiz izandakoa, arlo anitzetako ikertzailea, ekintzailea eta sustatzailea izan zen, baina bereziki nabarmentzekoa da euskara babesteko, ikertzeko eta sustatzeko egin zuen lana. Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2004 urtean, eta 2022an zendu zen, 89 urte zituela.
Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaritzan egin den agerraldian, deialdiaren helburuak nabarmendu ditu Sagrario Aleman Jagon sailburuak: «Batetik, Pello Apezetxea ohorezko euskaltzaina omendu nahi genuen, eta, bestetik, soziolinguistika, dialektologia edota onomastika arloetarako ikerketa lan bat egiteko beka eman nahi genuen, Pellok egindako ikerketei segida emateko». Erran duenez, bi helburuak bete dituzte bekaren irabazleek.
Leire Mitxelena Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak gaineratu du bekadunek «ikerketa lan zabala» egin dutela eta «Bortzirietan hizkuntza aniztasuna lantzeko eta aintzat hartzeko proposamen zehatzak» eskaini dituztela.
Epaimahaiaren arabera, «ikerketa osoa eta landua» aurkeztu du lantaldeak, eta, gainera, «ikerketa teknika berritzaileak erabili dituzte, Haur Hezkuntzan egindako esplorazio esperimentala, kasurako».
Ikerketaren ondorio nagusiak
Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi eta Arantzan aritu izan dira ikertzaileak, eta azterlanean jasotako datuetatik ondorio ugari atera daiteke. Adibidez, Bortzirietako ikasle gehienak D ereduan daude, baina egia da atzerritar aunitz pilatzen dela A eta B ereduetan. Oro har, Bortzirietan etorkinek euskararekiko duten jarrera ona da. Areago, gehienek euskara (gehiago) ikasi nahiko lukete. Euskaldunek nahiz erdaldunek gaztelaniarekin lotzen dute ikus-entzunezkoen kontsumoa. Euskara ez dute modernotzat jotzen.
Migratzaileek euskararen balio instrumentala aitortzen dute, lana aurkitzeko lagungarria baita. Euskarari komunikatzeko balioa aitortzen diote, harremanak egiteko ere lagungarria baita. Euskaraz ez jakiteagatik euskal kulturaren zati bat galtzen ari direla sentitzen dute kanpotik etorritakoek.
Etorkinek euskara ikasteko baliabideak ezagutzen dituzte, baina euskara zaila den ideia hagitz zabaldua dago.
Proposamen zehatzak
Lantaldeak etorkizunean esku hartzeko proposamen zehatzak egin ditu, eta migratzaileen integrazio linguistikorako erronka garrantzitsuak identifikatu ditu: Integrazioarena alde biko prozesua da. Ahalegina ez dagokie bakarrik kanpotik etorri direnei, bertakoek ere saiakera egin behar dute, eta, erraterako, euskaraz aritzeko espazio partekatuak eskaini. Kultur eta kirol jarduerek garrantzi handia dute, elkargunerako baliagarri diren neurrian.
Euskara ikasteko berariazko ikastaroak eskaintzea proposatzen da, etorkinen ezaugarriak (ordutegia, lanbidea, bizilekua…) aintzat hartuta.
Ikerketaren emaitza Jagon bilduman argitaratuko du Euskaltzaindiak. Horrez gain, ikertaldeak lan hau Palmako Ideoling kongresuan aurkeztuko du, datorren urriaren 18an.