Euroligako historikoen artean iltzatuta, Saski Baskoniak «zilarrezko ezteiak» beteko ditu
2000. urtetik hona gasteiztarrek beti jokatu dute Euroliga eta birritan izan dira txapeldunorde. Horrez gain, 2019ko Lauko Finala ere Gasteizen jokatu zen. Ostegun gauean –20.30ean–, berriz, Zeljko Obradovic historikoaren Partizan dator eta Vanja Marinkovic Baskoniako jokalari ohia omenduko dute.
2000. urteko urriaren 18an egin zuen debuta Saski Baskoniak Euroligan; Kroaziako Cibona VIP taldea izan zen arabarren aurkaria. Harrezkero beste 623 neurketa jokatu ditu Euroligan Josean Kerejeta presidenteak zuzentzen duen klubak, eta orotara 342 garaipen eskuratu ditu eta 50.000 puntuko langa ere gainditu du. Are gehiago, Lauko Finala bost bider zapaldu du, 2005etik 2008ra errenkan eta 2016an, eta 2001 zein 2005eko edizioetan txapeldunorde atera zen. Hori gutxi ez eta, 2019an Euroligako Lauko Finala Gasteizen bertan jokatu zen, Josean Kerejetak urte luzez amesturiko helburua gauzatuz.
Bartzelona, Moskuko CSKA eta Olynpiacosekin batera neurketa gehien jokatu dituen taldeetako bat da, behin Euroligan debuta egin duenez geroztik ez baitu ekitaldi baten ere hutsik egin. Ez da alperrik Euroligak bere 13 klub antolatzaileei damaien ‘A Lizentzia’ horietako baten jabea, eta lizentziak 2040raino luzatzeko sasoia hurbiltzen ari den honetan, Euroligako kluben artean «mahaipeko» mugimendu asko badabil ere, ez dirudi Saski Baskonia atzean geratuko denik. Ondorioz, ostegun gaueko «Opening Game» edo «Irekiera Partidan» ez da inolako agurrik ospatuko, Baskoniak Euroligan «zilarrezko ezteiak» beteko dituela baino, eta bide beretik aurrera egiteko itxaropen sendoz, gainera.
Eta aurkaria ere ez da badaezpadakoa: Partizan talde serbiarra, Euroliga gehien irabazi dituen Zeljko Obradovicek zuzentzen duen taldea, hain zuzen; hau da, Europako saskibaloi talde historikoenetako bat. Are gehiago, talde serbiarreko zenbait zaleri gonbita ere luzatu zaie Baskoniaren kontura Gasteiza etortzeko. Izan ere, animatzaile sutsuak izanda ere Partizanek, Baskoniarekin harreman ona dute eta hori baliatu nahi dute ostegun gaueko Euroligako estreinaldia jai handi bat izan dadin.
Alegia, hau ez dela Euroliga irabazteko zeinek beharko lukeen faborito edo zeinek ez dioen lan bat. Bistan da Panathinaikos dela egungo txapelduna eta Ergin Atamanen taldeari errespetua zor zaiola, baita Olynpiacosi ere, Sasha Vezenkov NBAtik buelta berriz ere Pireoko portuan, inoizko mailarik onena eman zuen lekuan, alegia, bertan delako. Euroligako saskibaloia sakonean aztertzen duen Basketnews webguneak bere urteroko «Power Ranking» delakoan Gfeziako talde biak jartzen ditu Euroliga eramateko faborito nagusi gisa, Real Madril eta Fenerbahçe segika dituztela. Partizan zortzigarren postuan kokatzen du eta Saski Baskonia, berriz, hamabigarren. Alegia, betiko leloa, gasteiztarrak beti ere lortu ohi duten azken emaitza baino ondotxo beherago kokatzen dituztelako Euroligako aurreikuspenek. Iaz ere halaxe zen eta gasteiztarrak zortzi onenetan sartu baziren sartu, Partizan ez zen halakorik egiteko gauza izan.
Aurrekari gutxi, baina onak
Baskonia eta Partizan talde historikoak izanagatik biak, ez dute askotan jokatu elkarren aurka. Hain zuzen, zazpi alditan baino ez dira pasa Belgradeko «lurperatzaileak» –hori da Partizanen ezizena, Belgradeko Izar Gorriko kideak «ijitoak» diren bitartean– Gasteiztik eta behin bakarrik irabazi dute. Egia da azken bi denboraldietan bertan izan dutela garaipena serbiarrek, baina 2022/23 denboraldian Markus Howarden magiak luzapenera eraman zuen partida eta han gasteiztarrak nagusitu ziren, eta iaz, berriz, Chima Monekek azken segundoetan bi jaurtiketa libre sartu zituelako buelta eman ziola partidari.
Hala ere, Pablo Laso etxekoen aulkian Euroligako dema batean ikustea izango da partida bizituko duen baldintzetako bat. Ez da alperrik dagoeneko ia 15.000 sarrera saldu direla ostegun gaueko demari begira. Hala ere, Pablo Lasok «lasai dagoela» onartu du bezperako prentsaurrekoan.
«Ez nau urduritzen osteguneko hitzorduak», esan du entrenatzaile gasteiztarrak. «Hasteko gogotsu nago, baina ez urduri, taldea lanean ondo ikusten dudalako. Urduriago jarri ohi naute kontrolpean ez ditudan gauzek, hala nola min hartutako jokalaririk izango banu edo antzekorik. Badakit denboraldia hasi besterik ez dela egin eta zer hobetua badugula, baina kezkatuago nengoke taldea eguneroko lanean behar bezala ikusiko ez banu, eta ez da horrela», iritzi dio entrenatzaile gasteiztarrak.
Dena dela, «hobetu beharra» ikusten duenez, taldearen helburuak zehaztea ere gogorra egiten zaio Pablo Lasori. «Hain da gogorra Euroliga, zaila dela esatea zeinen aurka irabazi dezakezun eta zeinen aurka ez. Zuk uste izan arren ‘honi irabaziok diot’, baliteke egun hartan galtzea eta, aldiz, ‘honekin jai daukat’ pentsatu eta hari irabaztea. Taldeak handinahia du eta, beraz, play-offetan ez sartzea edo, behintzat, play-inera ez iristea ez litzaidake gustatuko. Baina, nolanahi, oraindik goiz da non gauden eta nora iritsi gintezkeen zehaztea», azaldu du.
ACB Ligan Teneriferen aurka 88-80 galdu izanak «izorratuta» dauka oraindik Laso, baina ikasgaiak atera ditu bertatik. «Gauza on asko egin genituen, baina 40 minutuetan sendo aritzea falta izan zitzaigun. Hiruzpalau minutu eskas egin genituen azken laurdenaren hasieran eta han joan zitzaizkigun. Oso aintzat hartzeko ikasgaia da hori, ACB Ligan eta Euroligan 40 minutuetan sendo ez bagabiltza, nekez irabaziko dugulako», nabarmendu du entrenatzaile gasteiztarrak.
11 jokalari berri
Saski Baskoniak zer hobetua baldin badu aldaketa asko egin dituelako –eta Tenerifen jokatu zuen taldeari Kamar Baldwin eta Donta Hall erantsi behar zaizkio–, zer esan Partizani buruz? Iaztik hona Zeljko Obradovic entrenatzaileaz gain jokalari bakarrak jarraitzen du: 2,16 metro neurtzen dituen Balsa Koprivica pibot gaztea, hain zuzen.
«Guretzat dena berria bada, beraientzat ez da gutxiago. Jokaldi bakoitza nola jokatu erakutsi beharko die Zeljkok bere jokalariei», azaldu du irribarrez Pablo Lasok. Hala ere, horrek ez du esan nahi mailarik gorenean eskarmenturik ez dutenik Partizaneko jokalariek.
Iffe Lundberg, Vanja Marinkovic, Frank Ntilikina, Brandon Davies, Isaac Bonga, Tyrique Jones, Isiaha Mike, Mario Nakic, Arijan Lakic, Mitar Bosnjakovic, Aleksej Pokusevski, Duane Washington Jr. eta Carlik Jones ez dira edonor. Egia da, esaterako, Duane Washington ez dela Gasteizen izango, NBAn hain ohikoak diren jokalarien talde aldaketa baten murgildu dutenez gero, New York aldera jo behar izan du azken orduan, baina osterantzean, NBAn eta Euroligan eskarmentua duten jokalariz gainezka ekarriko du taldea Zeljko Obradovicek.
Tartean Vanja Marinkovic, Saski Baskoniako jokalari ohia. «Brate» serbiarra ez da Partizanen elastikoa eta Baskoniakoa uztartzen dituen aurreneko jokalaria. Aurrez Gasteizen nor izan diren Sasa Radunovic, Misha Beric eta Dejan Tomasevic gogoan izan behar dira eta aurtengo Euroligari begira, berriz, Ognjen Jaramaz Baskoniak Partizanetik bertatik, fitxatu du.
Marinkovicek orotara 198 partida jokatu ditu Baaskoniako elastikoarekin, Valentziatik fitxatu ostean. Aurreneko denboraldian baldar xamar aritu arren, azken bietan askoz emaitza hobea eman du «brate»ak eta hargatik Partizanek etxera itzultzeko eskaintza ona egin zion pasa den udan, eta eskolta serbiarrak ezin izan zion ezetzik esan.
Nolanahi, Partizanen aurkako partida jokatu aurretxoan Marinkovic omenduko du Saski Baskoniak, Gasteizen emandako mailaren esker onez. Ikusi egin beharko partida amaieran esker on horrek gasteiztarren mesederako irauten duen, Pablo Lasok Zurbaon egingo duen estreinaldia ona den hala aurreneko garaipena oraindik iristeke geratuko ote den.