Gipuzkoako triatloi presidenteak dimisioa eman du, Lakuaren «errespetu falta izugarriagatik»
Jon Marquet Imazek kargua utziko du Gipuzkoako Federaziotik, Diputazioak triatloia «kiroltxo» bezala hartzen duelako eta, beste gauzen artean, gutxituak sentitzerakoan erantzun eske joan garelarik, ezer gutxi argitu zaigu», salatu du.
Jon Marquet Imaz Gipuzkoako Triatloi Federazioko presidenteak dimisioa aurkeztu duela jakinarazi du asteazken honetan idatzi baten bitartez. Bertan, bere erabakiaren arrazoi nagusiak aipatzen ditu. Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak «kiroltxo» bezala tratatzen duela triatloia salatzen du, horrek dakartzan ondorio guztiekin; eta, bestetik, Lakuaren jarrera ere kritikatzen du, «ardura eta errespetu falta izugarria» dela-eta.
Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokionez, onartu egin du laguntza jaso dutela eta «aurrera egiteko eskaintzen dituzten diru-laguntzak ezinbestekoak» direla. Baina argitu nahi izan du sumatu dutela «kirolak eta kiroltxoak» daudela, «azken multzo horretan kokatuta gaudela nabaritu dugularik».
Halaber, «betebeharrak multzo guztietan berdinak direla esango nuke, baina eskainitako baliabideak eta errekurtsoak ezin dira konparatu. Gainera, askotan, gutxituak sentitzerakoan erantzun eske joan garelarik, ezer gutxi argitu zaigu. Kirol-eskolako materialaren azken diru-laguntzak adibidez...», salatu du.
Bestalde, Lakuari dagokionez, gogoratu du urte osoa daramala hauteskunde berrietarako lege, orden eta erreglamentuetaz hitz egiten, baina «urrian gaudelarik ez dute prozesua gauzatu. Beraien
aldetik ardura eta errespetu falta izugarria dagoela iruditzen zaigu eta salatzeko aukera bakar bezala, dimisioa ematea ikusi dugu», salatu du.
Idatzian eskerrak eman nahi izan du, hori bai, zuzendaritzako kideei eta baita Gipuzkoako trafiko departamentuari ere, «asieratik zuen laguntza jaso dugu eta frogak aurrera ateratzeko ezinbestekoak izan zarete, tramiteak aurkeztu eta osatzeko orduan izugarri lagundu duzuelako».
Azkenik, autokritika ere egin du Jon Marquet Imazek. Izan ere, lehendakaritzara iristean emakumeen partaidetza indartzeko jarri zuten helburu horretan, «hasieran gorakada bat nabarmendu bagenuen ere, azkenaldian geldialdi edo atzerakadan sartu garela esango nuke», adierazi du. Gauza bera dio gazteen artean parte hartzeko sustapena. «Bi gai hauek hausnarketa sakona eskatzen dute etorkizunerako», amaitu du.