Soinua
1920ko hamarkadaren erdialdean hainbat saiakera egin ziren film mutuei soinuak gehitzeko, baina teknologia garatzeko zailtasunak zirela eta, ez zen erraza izan. 1927an ‘The Jazz Singer’ filma estreinatu zuten; hori izan zen lehenengo arrakasta komertziala soinudun zinemaren arloan.
‘32 Sounds’ dokumentala ikusi dudanetik, soinuaren inguruan hausnartzen pasa ditut azken orduak. Argi dago, gaur egun, soinuaren diseinua, musika edota elkarrizketak ezinbestekoak direla filmak behar bezala ulertzeko eta esperientzia zinematografikoa guztiz osatzeko, baina sentsazioa daukat oraindik ere ez zaiola behar adina baliorik ematen. Eduki bat aipatzen dugun bakoitzean, sarritan, soinu-lanak egiten dituzten pertsonak izaten dira ahaztutakoak eta hori guztiz bidegabea da.
Ikusleok ez gara jabetzen profesional hauek betetzen duten funtsezko eginkizunaz; soinua ez da postprodukziorako uzten den azken orduko baliabide bat, inondik inora ere ez. Argazkiak, gidoiak edota arteak duen garrantzia bera du –batzuetan gehiago– eta grabaketa prozesu osoan presente dagoen zerbait da. Elkarrizketen, musikaren zein soinu efektuen bidez, ikusleak pantailan ikusten ez diren xehetasunak atzeman ditzake. Soinua lagungarria izan daiteke ekintzak aurreratzeko, ezkutuko informazioa ezagutarazteko edo une garrantzitsuak azpimarratzeko adibidez. Baita giroa eta atmosfera sortzeko, emozioak pizteko, narratibari laguntzeko edota erritmoa txertatzeko (ala kentzeko).
Ziur nago sareetan arazorik gabe ikus dezakezuela irudi kalitate eskasa duen, baina oso ongi entzuten den bideo bat, baina aldiz bereizmen ikaragarria duen bideo batekin topo egiten baduzue, baina audioa kaskarra bada jasanezina egiten zaizuela.