Emakundek gizon gazteekin lanketa egingo du, diskurtso matxista barneratzen ari direla eta
Gizon gazteak diskurto matxistak barneratzen ari direla ohartu da Emakunde eta aurrerantzean lan ildo horri helduko diola jakinarazi du. Kezka agertu dute sare sozialetan gizonak «berdintasunaren biktima» gisa aurkezten ari direla eta.
Datozen urteetan gazteengan zentratuko da Emakunde, azaldu dutenez, bereziki gizon gazteengan. Izan ere, hauteman dute mezu misoginoak, berdintasunaren aurkakoak eta indarkeria matxistaren negazionistak barneratzen ari direla.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak agerraldia egin du gaur erakundeak berdintasunaren alorrean egin behar duen lanaren berri emateko. Ohartarazi du sare sozialetan gizonak «berdintasunaren biktima» gisa aurkezten dituzten mezuak nagusitzen ari direla eta eragin zuzena dutela gazteengan.
Horretarako, ‘Gela Morea’ ekimenaz aritu da, gazteengan eta nerabeengan zentratutako sentsibilizazio programa ibiltaria. Halaber, ‘Tratu On’ programaz ere hitz egin du, familiei eta irakasleei zuzendutakoa.
2003tik 54 emakume hil dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haien bikote edo bikote ohiek eta 2023an 6.572 salaketa jarri zituzten indarkeria matxista zela eta, Elgarrestak gogora ekarri duenez.
Halaber, azaldu du legealdi honetan jarriko dutela martxan ‘Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen espedienteen kudeaketa integrala’ proiektuaren hirugarren fasea. Horren baitan, EKIM atariak aukera emango du biktima bakoitzarekin espediente bakarra sortzeko.
Era berean, azaldu du Emakundek etxeko eta zaintza lanak era berdinzaleago batean banatzearen alde egingo duela lan, egun emakumeek denbora gehiago ematen baitute horrelako zereginetan gizonek baino.