Aurreak ala atzeak eramango ditu Hiru Hiriburuak torneoko txapelak?
Goiuri Zabaleta, egungo aurrelaririk eraginkorrenaren, eta Enara Gaminderen, atzelaririk sendoenaren, arteko talkak eramango ditu igandeko Gasteizko finalaren fokoak.
Igande honetan jokatuko da, eguerdiko 12.00etatik aurrera, Ogeta pilotalekuan, emakumenzkoen esku pilotako Hiru Hiriburuak txapelketako finala eta esan genezake, garaiko aurrelaririk eraginkorrena den Goiuri Zabaleta eta atzelaririk sendoenaren arteko talka izango dela Gasteizko finala. Mirian Arraiza izango du Laukizkoak lagun aurreko koadroetan eta Nora Mendizabal arituko da, bestalde, leitzarraren bizkartzain.
Enara Gaminde sekulako denboraldia osatzen ari da, ez baititu alperrik irabazi aurtengo San Fermin eta Udako Master txapelketak irabazi eta gaienera Binakakoa txapelketako eta Plazandreak torneoko finalak ere jokatu ditu.
«Nahiko ondo eta konfiantzaz nago, azken partidak nik uste nahiko onak egin ditudala eta ziurrenik bete egingo den pilotaleku honetan jokatzeko ilusio handiarekin nago», azaldu du atzelari bizkaitarrak.
Goiuri Zabaleta ere ez zaio atzean geratzen eta jokatutako azken txapelketa, sanmateotakoa irabazi zuen, lehiaketako pilotaririk onenaren saria ere eskuratuz. Lau eta Erdikoan eta Plazandreak torneoan finala jokatzearekin konformatu behar izan zuen bitartean. Argi dago, printzipioz behintzat, bietan jokoa bere eremura eramaten asmatzen duenak, asko izango duela irabazita. «Finala oso irekia dagoela uste dut, baina Enara tartean denean beti da faborito, baina gu gure jokoa egitera eta irabaztera irtengo gara», adierazi du nafarrak.
Pronostiko irekia
Mirian Arraiza donostiarraez da pronostiko bat egiten ausartu eta halako egun batean, urduritasunak ere bere pisua izan dezakeela aipatu du. «Nik oso irekia ikusten dut finala eta bakoitzak duen egunaren arabera asko aldatuko da, guk dena emango dugu eta ea partida ona irteten den».
Nora Mendizabal andoaindarra, bere aldetik, sufritzeko prest etorriko da atzelarientzat bereziki gogorra den pilotaleku batera. «Partida gogorra izango dela aurreikusten dut ikusita aurrean ze bikote dugun jakinda, oso bikote sendoa eta indartsua. Nik uste dut atzealde horretan sufritzea tokatuko zaidala baina orain dagoen aurrelaririk onena edo onenetako batekin jokatuko dut eta berak asko lagunduko dit eta gogotsu nago finala jokatzeko».