INFO

Stanford zerrendan sartu diren EHUko 162 ikertzaileen artean soilik 24 dira emakumeak

Stanfordeko unibertsitateak argitalpen zientifikoetan gehien aipatzen diren ikertzaileen %2 hautatzen ditu rankinga osatzeko, eta EHUko 162 kide azaltzen dira bertan. Horietatik, soilik 24 dira emakumeak.

EHUren Leioako kanpuseko artxiboko irudia. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Argitalpen zientifikoetan aipamen gehien dituzten ikertzaileen %2rekin Stanford zerrenda osatzen du urtero Kaliforniako unibertsitateak. Ostegun honetan eguneratu du zientziaren arloan eragin handieneko pertsonak biltzen dituen rakinga eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) 162 ikertzaile azaltzen dira bertan. Guztien artean, soilik 24 dira emakumeak.

‘World’s Top 2% Scientists’ zerrendan dauden EHUko ikertzaileen artean, 119 seniorrak dira, hau da, beren lanbide-ibilbide osoan izaten dituen aipamenak kontuan hartuta sartu dira rankingean. Hauetatik, 12 dira emakumeak. 133 azken urteari dagokion zerrendan daude, eta 95 ikertzaile bietan azaltzen dira.

«Stanfordeko unibertsitatearen rankingak euskal unibertsitate publikoan egiten den ikerketaren bikaintasuna ziurtatzen du, eta euskal unibertsitate publikoaren irudia indartzen du, arlo zientifiko ugaritan abangoardiako ezagutza sortzen duen unibertsitate generalista gisa», adierazi du Eva Ferreira EHUko errektoreak datu eguneratuen berri izan ostean.

Sailkapena egiteko, argitalpen zientifikoen inpaktuarekin lotutako hainbat parametro aplikatzen ditu Standfordeko unibertsitateak: indexatutako argitalpenen kopurua, beste zientzialari batzuek argitaratutako lanetan zenbat aldiz aipatu diren argitalpen horiek, ikertzaileen artikulu zientifikoek jasotzen duten aipamen kopurua neurtzen duen h indizea, egilekidetza, eta aurreko faktore guztiak uztartzen dituen azken adierazle bat.

Zerrenda osoan soilik 24 emakume ikertzaileren izenak agertzen dira –EHUn aukeratutako guztien %15 baino gutxiago–, eta lehenengo hamarren artean, bakarra, Jasone Cenoz hizkuntzalaria. Honek erakusten du emakumeen lanei egiten zaizkien aipamenak oso gutxi direla, gizonezkoenen aldean, eta Ferreirak aipatu duen «bikaintasuna» iristeko bidea zailago dutela andreek.