INFO

Energia-komunitateak sortzeko lehen urratsak Oñatin

Energia burujabetzaren alorrean bide berriak aztertu eta herritarrei energia-komunitateak sortzeko prozesua errazteko eta bultzatzeko lehen bilera irekiak egin ditu Oñatiko Udalak.

Oñatiko Udalaren papera herritarrei bidea erraztea, bitartekoak eskaintzea eta, azken finean, herritarrak gai honen inguruan ahalduntzea da. (J.S.)

Gauza jakina da Oñatiko etxebizitza nahiz merkataritza jarduera gehienek herrian bertan ekoitzitako elektrizitatea kontsumitzen dutela, XX. mende osoan ustiatu eta mantendutako ur-jauziei esker. Hala ere, uda oso lehorra denean, eskari guztia asetzeko arazoak izaten dira eta Oñatiko Udala ur-jauziak osatuko dituen beste sorkuntza sistemak aztertzen hasia dago, betiere energia berriztagarrien arloan.

Horrela, eta gaiaren inguruan hausnartzeko, hainbat ekintza egin ziren maiatza eta ekainean, "Energia zikloa aktibatu" izenburupean. Orain, urrats berri bat eman du Udalak, herritarrek energia-komunitateak sor ditzaten aholkularitza eskainiz eta prozesua dinamizatuz.

Iker Oñate, Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, «herrian bagenuen energia alorreko zalantzak argitzeko bulego bat, baina orain beste urrats bat ematea erabaki dugu, kontuan hartuta 2023-2024ko Partaidetzazko Aurrekontuetan laugarren proposamen bozkatuena Udalak energia komunitateak sortzeko prozesua erraztearena izan zela». Horretarako, 40.000 euro bideratzea erabaki da eta AISE kooperatiba kontratatu da dinamizazio lanak egin ditzan, Goiener aholkularitza teknikoa eskaintzeko.

IRAILEAN ETA URRIAN

Horrekin batera, eta herritarren nahi eta asmoak ezagutzeko, energia komunitateak sortzen laguntzeko lehen saio irekiak antolatu dira irailean eta urrian, klima larrialdia eta energiaren gaiarekiko kezka edo jakin-mina duten edonori zuzenduta.

Ingurumen zinegotziak zehaztu duenez, «Udalaren papera ez da eredu bat edo bestea erabakitzea, baizik eta herritarrei bidea erraztea, bitartekoak eskaintzea eta, azken finean, herritarrak gai honen inguruan ahalduntzea».

Herritarrek energia-komunitate bat sortzeko prozesuan aukera guztiak zabalik daude. Horrela, energia-komunitatea eratzeko erabakia har dezakete, edo halakorik egin ezean, energiaren gaineko beste lanketa batzuk egitea hatutatu dezakete, merkaturatze alorrean esaterako.

Hortaz, taldeak erabakiko du energia berriztagarrien sorkuntzara bideratutako proiektua martxan jarri, kontsumoan eragingo duten proiektuak bultzatu edo sentsibilizaziora bideratutakoak sustatuko dituen. «Aukera guztiak mahai gainean direla abiatu da prozesua. Guztiak bide berdinean doazenez, guztiak dira ongi-etorriak», adierazi du Oñatek.

Trantsizio energetikoaren bidean, herritarren kontzientziak piztu eta jendartea sentsibilizatu eta aktibatzea ezinbestekotzat jotzen du UDalak. Planteamendu horrekin eta zenbait herritarren artean energia-komunitateak sortu edo, gutxienik, aukera horri buruz argibideak nahi dituztela jakinik antolatu dira lehen saio irekiak.