Euskararen kontrako epaiak gerarazi egin behar direla aldarrikatu dute LABek eta ELAk
Euskararen kontra ematen diren epaiak gelditu egin behar direla aldarrikatu dute ostiral honetan LABek eta ELAk Gipuzkoako Aldundian. Azkenekoa aterpetxeetako garbitzaileena izan da. CCOOk, berriz, profilik gabeko langileak «seinalatzea» leporatu die.
Euskararen kontrako epaileek harturiko erabakien kontra elkarretaratzea egin dute gaur LABek eta ELAk Gipuzkoako Aldundiaren egoitzaren aurrean.
Azkeneko epaia aterpetxeetako garbikuntza langileen egonkortze prozesuaren kontrakoa izan da. Bi sindikatuek nabarmendu dutenez, langile hauek herritarrekiko erlazio zuzena dute. «Epai honek langileen arteko ezberdintasunak sortuko lituzkeela ikusten dugu. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko ezingo lituzkete guztiek lan berdinak egin eta lanpostu bereko langileen arteko lan baldintzen aldaketak ekarriko lituzke», azaldu dute.
«Aterpetxeetako erabiltzaile nagusienak ikastetxeetako haurrak dira. Nahi baino gehiagotan entzun behar izaten dute dituzten eskaerak gaztelaniaz egiteko langileak euskara ulertzen ez duelako. Aldundian aspertuta gaude egoera hauek salatzen», gaineratu dute.
«Egoera honi frenoa jartzea euskal klase politikoari dagokion ardura da, Euskara Legea egokituz ala Hizkuntza Eskakizunen Dekretu birformulatu berria berregokituz. Mahai gainean daude adituek jarritako proposamenak, horietako bat, lñigo Urrutia legegileak berak jarritako irtenbidea. Euskal klase politikoak ezin du beste aldera begiratu, ahoa berotzeaz gain, neurriak hartu behar dira», adierazi dute.
CCOO: «Profilik gabeko langileen kontra»
CCOO sindikatuak, berriz, begi txarrez ikusi du LAB eta ELAk deitu duten kontzentrazia «eta profilik gabeko langileak seinalatzea» egotzi die. Honekin batera, lan eskaintza publikoetataik kanpo gelditzen diren langile prekarioen aurka egitea leporatu die.
Profil hauek «ilegalak eta neurriz kanpokoak» direla gaineratu du CCOOk.
Honekin batera, hizkuntz eta lan eskubideak errespetetzako «proportzionalitate soziolinguistikoa» kontuan izan behar dela defendatu du.
Gauzak horrela, CCOOren arabera Gipuzkoan herritarren %20 eta %30 arteako kopuru batek eskatzen ditu Aldundiaren zerbitzuak euskaraz. Hori lortzeko euskara eskaera %63koa dela adierazi du.
Aterpetxeetako garbitzaileen kasuan, hiru edo lau langileko txandetan aritzen direla eta horietatik soilik batek edo bik duela harremana herritarekin gaineratu du.