Epaiketak euskaraz egiteko plan pilotu bat izango du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoak «beranduenez» bi hilabete barru jasoko du epaiketak euskaraz egin daitezela bermatzeko plan pilotua. Egitasmoa landu dutenek, baina, zailtasunak aipatu dituzte, epaileen gutxiengoak menderatzen duelako euskara.
Epaiketak euskaraz egiteko plan pilotu bat izango du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bi hilabete barru. Aplikatzeko zaila izango da, ordea, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan jarduten duten 300 epaileetatik soilik hogeik menderatzen baitu hizkuntza.
Justizia administrazioan euskara sustatzeko engaiamendua hartu zuen Iñaki Subijana EAEko auzitegiko presidenteak kargua hartu zuenean (2021eko apirilean), eta iazko irailean iragarri zuen euskarazko epaiketak egiteko proiektu pilotu bat jarriko zuela martxan. Garbiñe Biurrun eta Alfonso Alvarez-Buylla epaileek osatu zuten batzordea aritu da plana ontzen.
Pasa den asteazkenean, urte judizial berriaren hasierako ekitaldian, Imanol Pradales EAEko lehendakariak aldarrikatu zuen Justizia Administrazioan euskarak duen errealitatea aldatu behar dela, ez soilik hala «zor zaielako» herritarrei, baita Legeak derrigortzen duelako ere.
«Galdera da: inork imajinatu dezake epaiketa bat gazteleraz egiteko aukerarik ez izatea? Epaile, abokatu edo fiskal batek gazteleraz ez jakitea? Erantzuna ezezkoa da. Hortaz, zergatik onartu beharko genuke hori euskararekin?», galdetu zuen Pradalesek ekitaldian zeuden fiskal, abokatu eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko ordezkarien aurrean.
«Konplikatua», euskaldun gutxi dagoelako
Epaiketak euskaraz egin daitezen prestatutak plan pilotua «beranduenez» bi hilabete barru aurkeztuko da EAEko auzitegiaren Gobernu Aretoan, Europa Press agentziak justiziako iturriak aipatuta jakinarazi duenez.
Plan hau osatzeko lana «konplikatua» izaten ari dela aitortu dute Europa Pressek galdetutako pertsonek, epaiketa batean parte hartuko duten behargin guztiek euskara menderatzea zaila dela argudiatuta. Izan ere, EAEn lan egiten duten 300 epaileen artean, horietako batzuei hizkuntza eskakizuna eskatu bazitzaien ere, soilik hogei izango lirateke gai epaiketan euskara hutsean aritzeko
Asmoa da epaiketak euskara hutsean egin daitezen bermatzea, baina ez dute baztertzen batzuetan itzultzaileengana jo behar izatea, euskara ez dakiten lekukoen kasuan, adibidez.