Unai Laso indartsu itzuli da kaiolara
Unai Lasok Lau eta Erdiko ligaxkarako txartela lortu du, larunbat honetan Iker Salaberria mendean hartu ostean (22-6). Nagusi izan da Bizkarreta-GereANdiaingoa eta iaz, lesio baten ondotik, kaiolako txapelketatik at egon eta gero, sasoiko helduko dio datozen partidei.
Unai Lasok pronostikoak bete ditu larunbat honetan Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Lau eta Erdiko final zortzirenetako partidan nagusi izan da Iker Salaberriaren aurka (22-6) eta hala, ligaxkarako txartela lortu du. Iaz, aldakako lesio bat zela-eta, kaiolakotik at geratu zen Bizkarreta-GereNdiaingoa eta aurten, sasoiko helduko dio txapelketari.
«Tentsio handiko partida zen, asko zegoelako irabazteko», esan du Unai Lasok, Bilbon, Lau eta Erdiko txapelketako ligaxkarako txartela eskuratu berritan. Asko dagoenean irabazteko, galtzeko ere beste horrenbeste egoten da eta, akaso, tentsioak bigarren arrazoi horregatik egiten du gora. Dena dela, Bizkarreta-Gerediaingoak ongi kudeatu zituen nerbio eta zalantza oro, aspaldi trebatu gabeko kaiolakoan nagusitasuna erakutsiz.
Pasa den urtean, aldakako lesio bat tarteko, ezin izan zuen lehiatu Lau eta Erdikoan eta beraz, 2022ko arantzatxoak bere horretan jarraitu du. 2021ean finalera iritsi ostean –Altuna III.enaren aurka galdu zuen–, finalerdietatik at geratu zen duela bi urte, ligaxkan partida bakarra irabazita. Unerik onenean zegoen, Buruz Buruko lehen txapela irabazi eta Binakakoan ere finala jokatu baitzuen. Urte hartako azken txapelketan, baina, ez zituen sentsazio onak lagun izan.
Hain zuzen ere, sentsazio onak eduki izanari eman dio larunbat honetan garrantzia, emaitza gaindi. Partidak kolore bakarra izan du, Lasoren elastikoaren kolore gorria, eta Iker Salaberriaren ilusio guztiak hankaz gora jarri ditu. Goizuetakoak iazkoa errepikatzea zuen helburu: ligaxkan sartzea. Pasa den urtean Urrutikoetxea izan zuen biktima baina aurten, urrats bat gorago dagoela erakutsi duen Lasoren aurka ez du bere maila eman. «Gehienbat, berak behartu nauelako», onartu du Salaberriak. Triste agertu da partida txarra eginagatik baina meritua Lasorena ere izan dela nabarmendu nahi izan du.
Baikoko aurrelariak ez dio aukerarik eman joko indartsu eta zitalarekin. Pilotarekin erosoago moldatu da, bai eta joko eremuan ere. Salaberriari kosta zaio pilota eskuan sartzea eta lehen tantoa berea izan bazen ere, partida osoan zehar ez ditu bi tanto elkarren segidan egin. Kosta egin zaio tantoak egitea –pilatutako sei tantoetatik erdiak Lasok galdutakoak izan dira, txapara botatako pare bat pilotakadekin– eta sakean ez du asmatu. Edo kontrara, Lasok asmatu du errestoan.
Kontzentratuta
3-2koa egin ostean bere pilota aukeratzea erabaki du Goizuetakoak baina, hain justu, Laso erosoago batekin egin du topo. Bizkarreta-Gerendiaingoak beste bost tanto egin ditu takada batean, aurkariaren pilotarekin, eta 9-4koaren ostean, beste zazpi tanto pilatzeak, partidatik erabat atera du Iker Salaberria. Eramatekoak izan diren pilota batzuetan ez du asmatu eta bere ezinegona agerikoa izan da: «Nik ez nekien aurrera egin, atzera egin; pilotakada bakoitzean ez nion minik ematen».
Lasok, bestalde, zital jokatu du, Salaberria hankartean eramanda, alde batetik beste mugitu eta errematean fin arituta (16 egindako). Hasieratik erakutsi du bere maila eta horrek, garaipenerako bidea erraztu dio: «Banekin zentratuta atera behar nuela, mina egiten banuen bera deseroso sentitu zitekeelako». Modu berean, partida osoan kontzentrazioa mantendu izana ere baloratu du, «azken aldian kostatu egiten zitzaidalako». Konfiantzaz iritsiko da ligaxkara. Peio Etxeberria eta Peña II.ena ditu zain, eta bihar erabakiko da laugarrena: Elordi edo Zabala.
FITXA TEKNIKOA
Unai Laso: 22
Iker Salaberria: 6
Pilotakadak: 227 pilotakada. Iraupena: 52,30 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 2-1, 3-1, 3-2, 4-2, 8-2, 8-3, 9-3, 9-4, 16-4, 16-5, 17-5, 18-5, 21-5, 21-6, 22-6. Sakeak: 3 Lasok eta 0 Salaberriak. Egindakoak: 16 Lasok eta 3 Salaberriak. Galdutakoak: 3 Lasok eta 6 Zubizarretak. Gorabeherak: Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu zen Lau eta Erdiko final zortzirenetako kanporaketa. Lehen sakea, gorri.